NIGERIA

Gutxienez 103 lagun hil dira Port Harcourten, hegazkin istripuz

Abiazio Zibilak uste du eguraldi txarrak eragin duela ezbeharra; 75 ume zihoazen airekoan

Erredakzioa
2005eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Abuja hiriburutik Port Harcourtera zihoan McDonnell Douglas DC-9 hegazkin batek lurra jo zuen atzo, lurreratzerakoan, eta ondorioz, 110 bidaiarietatik 103 hil ziren, gutxienez. Abiazio Zibileko arduradun Samuel Adurogboyek adierazi zuenez, salbamendu taldeek zazpi lagun bizirik atera zituzten airekotik, eta ospitalera eraman zituzten berehala. Ekaitz giroa zegoen, eta ezbeharra eguraldi txarrak eragin zuela uste dute agintariek.

Aireportuan zain zeuden senideek esan zutenez, airekoan 75 eskola ume zihoazen, Josulagunen ikastetxe batetik etxera bueltan, Gabonak ospatzeko. Port Harcourtera iristean, hegazkinak lurra jo eta su hartu zuen. Abiazio Zibileko arduradun Samuel Adurogboyeren arabera, ekaitz giroa zegoen. Zain zeuden senideek adierazi zuten trumoiak ikusi zituztela hegazkina lurreratze pistara hurbiltzen ari zenean. Sutearen ondoren, hegazkina txiki-txiki eginda geratu zen. Lurreratze pistan dozenaka gorpu kiskali pilatu ziren, aireportuko langile batek azaldu zuenez. Alabaina, zazpi lagunek bizirik eustea lortu zuten. «Arnasa hartzen ari ziren eta ospitalera eraman ditugu», esan zuen Samuel Adurogboyek, «tratamendua jasotzen ari dira». Ez zuen argitu, aldiz, bizirik ateratzea lortu zuten pertsonak bidaiariak edo eskifaiako kideak ziren. Agintariek aireportua itxi dute, istripua zerk eragin duen ikertzeko. Hegazkina Sosoliso Airlines konpainiakoa zen. Konpainia 1994an sortu zen, eta barne hegaldiak egiten ditu, Nigeriako sei hiritara. Herrialdeko barne hegaldietarako konpainia seguruenetakoa den ospea du. Nigerian hegazkin istripu asko izaten dira. Abiazio industria asko handitu da azken urteetan, baina aireko asko zaharrak dira eta azpiegiturak eskasak. Lagosko nazioarteko aireportua bolada batez itxi zuten, pistan zuloak zeudelako. Urrian, Bellview konpainiako Boeing 737 aireko batek lurra jo zuen Lagos hiritik abiatu eta berehala. Istripuaren ondorioz, 117 lagun hil ziren. Ezbeharra zerk eragin zuen ezin izan zuten argitu, kutxa beltzak desagertu egin baitziren. Istripuaren ondoren, Olusegun Obasanjo presidenteak segurtasun eta mantentze neurri zorrotzagoak hartuko dituela agindu zuen.

 

Hegazkin istripuak





1992ko iraila: Hegazkin militar bat erori zen Lagosen. 157 lagun hil ziren.

1996ko azaroa: ADC konpainiako Boeing 727 aireko bat aintzira batera erori zen, Lagostik 85 kilometrora. 142 hildako.

2002ko maiatza: EAS konpainiako hegazkin bat auzo batean erori zen, aireratu eta berehala, Kano hirian. 154 lagun hil ziren; erdiak auzoko biztanleak.

2005eko urria: Bellview konpainiako Boeing 737 aireko batek lurra jo zuen Lagos hiritik abiatu eta berehala. Istripuaren ondorioz, 117 lagun hil ziren. Ezbeharra zerk eragin zuen ezin izan zuten argitu, kutxa beltzak desagertu egin baitziren.

2005eko abendua: Sosoliso Airlines konpainiako DC-9 hegazkin batek lurra jo zuen Port Harcourten. Gutxienez, 103 lagun hil ziren eta zazpi ospitalera eraman zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.