Material piroteknikoak eztanda egin ondoren piztu da sua Puttingal tenpluan, Keralako estatuan. Indiako Barne Ministerioaren arabera, larrialdi zerbitzuak bertan dira, zauritutako pertsonak inguruko erietxeetara eramateko.
Hondamendiei Erantzuteko Indarren Indiako komandante Anil Shekhawatek zabaldutako datuen arabera, 103 dira hildakoak, eta ehun bat lagun artatu dituzte erietxeetan.
Indiako armadak lau helikoptero eta bi hegazkin bidali ditu leherketa izan den gunera, eta lehen ministro Narendra Modi ere Keralara joango da egoera bertatik bertara ezagutzeko.
Indiako NDTV telebista kateak zabaldu duenez, tenpluak ez zuen baimenik material piroteknikoa erabiltzeko. Poliziak salaketa aurkeztu du tenpluaren arduradunen eta material hori eman zietenen kontra.
Indian 03:30 inguru zirela piztu da sua, ustez txinparta bat su artifizialak gordeta zeuden eraikinera erori ostean. Une horretan 10.000 eta 15.000 lagun artean zeuden inguruan, ospakizun batean.