TXILE

Gutxienez 11 pertsona hil eta 130 zauritu dira lurrikara batean

AGENTZIAK
SANTIAGO
2005eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Astelehen iluntzean (gauerdia, Euskal Herrian) Txileko iparraldea astindu zuen lurrikara baten ondorioz gutxienez 11 pertsona hil eta 130 bat zauritu ziren. Seismoa 7,9 gradukoa izan zen, Richter eskalan, eta hainbat herritan eragin zituen biktimak. Hasieran hildakoak 10 izan baziren ere, zaurituetako bat, 95 urteko Petronila Mamani, lurrikara gertatu eta ordu batzuetara hil zen, Atacama desertuan (Santiago hiriburutik 1.900 kilometro iparraldera) dagoen Sibaya herrian. Beste bi pertsona hil ziren han.

Horrez gain, Iquique hiria Alto Hospicio herriarekin lotzen duen errepide baten ondoan dagoen elizatxo batean loreak eta kandelak jartzen ari zirela, lurrikarak askatutako harkaitz batzuek sei pertsona azpian atzeman eta hil zituen. Halaber, Iquiquetik 50 kilometrora dagoen Pozo Almonte herrian bi pertsona hil ziren haien etxeko sabaiak azpian harrapatuta.

Bigarren astindua, atzo

Osasun agintarien esanetan, lurrikarak ez zuen eskualdeko ospitale sarean kalte handirik egin, eta zaurituak artatzeko moduan izan ziren medikuak. Alta, lerrook idazterako herri batzuk oraindik bakartuta eta edateko ura jasotzeko zailtasunekin zeuden. Aire Armada giza laguntza eramatekoa zen bart.

Bestalde, atzo indar gutxiagoko beste lurrikara bat izan zen Santiagon eta Txileko erdialdean, 4 gradukoa Richter eskalan. Ez zen biktimarik izan, ezta kalte material handirik ere; bai, ordea izualdia zenbait herritarrengan. Egunotakoak mende honetako lehen lurrikarak dira. XX. mendean izandako 10 bat lurrikarek, berriz, 50.000 hildako inguru eragin zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.