Zaurituak Erresuma Batuko hiriburuko bost erietxetara eraman dituzte. Londresen gauerdia zela piztu da sutea, Kensington auzoko Grenfell dorrean. Bertara joan dira 200 suhiltzaile, urez betetako 40 kamioi eta hogei anbulantzia.
500 bat lagun bizi dira eraikin horretan. Batzuek barruan jarraitzen dutelakoan, horiek erreskatatzeko lanetan ari dira larrialdi zerbitzuak. Gutxienez 12 lagun hil dira, eta Poliziaren arabera, gehiago izango dira. Zaurituak 60tik gora dira, horietatik hogei inguru larri daude.
1974an eraiki zuten dorrea, eta iaz egin zioten erreforma. Sadiq Khan Londresko alkateak "larritzat" jo du gertatutakoa, eta inguruko kaleak itxi dituzte. Polizia ikertzen ari da zer dela-eta piztu den sua.