SARRASKIA BURUNDIN

Gutxienez 159 hildako tutsien iheslari gune bati eginiko erasoan

Gatumbako kanpalekuan zeuden gizonezko, emakumezko eta haurrak su-armaz eta aihotzekin hil dituzte

Erredakzioa
2004ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoaren eta Burundiren mugaldean kokatutako Gatumbako errefuxiatu kanpamenduarenaurka ostiral gauean gertatutako oldar egite batean, gutxienez 159 iheslari tutsi hil zituzten eta beste 111 zauritu. Erasoa Burundiko Gobernuari aurka egiten dion FNL Nazio Askapenerako Indarrak gerrilla hutuak hartu zuen bere gain. Burundiko agintari politiko eta militarrek zeingiza laguntzarako erakundeek ziurtatu dute, haatik, gerrillari hutuez gain Kongoko Errepublika Demokratikoko beste talde armatu batzuek ere parte hartu zutela triskantzan.

«Oraingoz 159 hildako eta 111 zauritu zenbatu ditugu», adierazi zuen atzo Burundiko Armadako eledun Adolphe Manarikizak; «hemen gertatu dena ikaragarria da», gaineratu zuelarik. Izan ere, ostiral gaueko 22:00ak inguruan hasi eta ia bi ordu iraun zuen erasoaldian, Gatumbako iheslari eremuko etxoletan zeuden gizonezko, emakumezko eta haurrak su-armaz zein ere aihotzez hil egin zituzten, bertatik lau kilometrora dagoen Kongoko Errepublika Demokratikotik iritsitako erasotzaileek. Etxola gehienei su eman zieten oldar egileek.Burundiko batasun nazionaleko gobernuari uko egiten dion eta gerrillari hutuek osatutako FNLk du bere gain hartu erasoa. «Iheslari eremutik hurbil dagoen kuartel militarra zen gure oldarraldiaren helburua, baina errefuxiatu esparrutik gure kontra tiroka hasi baitziren, erantzun egin genuen», azaldu zuen atzo FNLko eledun Pasteur Habimanak. Bertsio hau, haatik, erabat gezurtatu zuten Burundiko agintariek eta Gatumbako iheslari eremuko arduradunek. «FNLk dioenak ez du inolako zentzurik; izan ere, eraso honetan hil dituztenengan ez da militar bakar bat ere», ihardetsi zuen Adolphe Manirakizak. Burundiko Armadaren bozeramailearen iritziz, ordea, «gertatutakoa Aintzira Handien eskualdeko tutsien aurkako genozidio egitasmoaren jarraipena» da.Salaketa honen oinarri gisa, Manirakizak zera azaldu zuen: «Bildu ditugun argibideen arabera, FNLko terroristekin batera erasoan parte hartu dute Kongoko Mai-Mai miliziek ere». Gertakarietatik zenbait ordu geroago Gatumbara joan zen Burundiko presidente Domitien Ndayizeyek hauxe adierazi zuen: «Sarraskia Kongotik etorri diren honenbeste elementuk osatutakokoalizio batek burutu egin du». Burundiko agintari gorenak zehaztu zuen salbatu ahal izan direnen lekukotasunen arabera, erasotzaileek Kongoko hizkuntzetatik bitan, bafuleroz eta lingalaz, egiten zuten berba, baita Burundiko mintzaira nagusia den kirundiz ere. Kongoko Errepublika Demokratikoko Kivu hiriko hegoaldean iragan maiatzean eta ekainean gertatu zen indarkeriatik ihes egin zuten tutsi banjamulenge etniako 2.500 iheslaritik gora aterbetzen dituen Gatumbako kanpamenduko arduradunek, haatik, Kinshasako Armadaren erantzunkizuna salatu zuten.

Kabilak ere salatu du erasoa

«Burundiko FNL eta Ruandako muturreko interahamwe hutuez eta Mai-Mai miliziez gain, BujaMabe jeneralaren soldaduak ere baziren erasotzaileen artean», ziurtatu zuen izena aipatzerik nahi ez zuen Gatumbako iheslari eremuko arduradun batek. Honek zehaztu zuen Kongoko tutsietan gutxiengoa diren banjamulengeak hiltzeko agindua ematen zuen esku-orri bat aurkitu dela sarraskiaren lekuan. «Honen kopia bana bidali diegu MONUC Kongoko Errepublika Demokratikorako Nazio Batuen Erakundeko Misioari eta Kinshasako gobernuari», gaineratu zuen.

Kongoko Errepublika Demokratikoaren Burundirekiko mugaldeko agintari militarra den Buja Mabe jeneralaren tropak gogor borrokatu ziren iragan maiatz eta ekainean Bukavuko eskualdean, Kinshasako gobernuaren aurka matxinatutako indarren kontra. Matxino hauen buru ziren militar banjamulenge batzuk. Matxinatze horren ostean, Kinshasako gobernuaren indar armatuen nahiz hauen aliatu Mai-Mai milizien eta FNL zein muturreko interahamwe hutuen mendeku eta jazarpenetik ihes egin zuten, hain zuzen ere, Gatumbako errefuxiatu eremuko bizilagunek. Ruandako Paul Kagame eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Joseph Kabilapresidenteek gogor gaitzetsi zuten Gatumbako iheslari eremuaren kontrako erasoa eta nazioarteko ikerketa bat abian jartzea eskatu zuten. «Ikerketa honek agerian ezarri beharko du nortzuk izan diren sarraski honen egileak, auzipetuak eta zigortuak izan daitezen», adierazi zuen Kabilak. Burundiko presidentearentzat, berriz, zalantzarik ez da:«Erasotzaileak Kongotik etorri dira eta ahaleginak oro egingo ditugu krimen itzel hori burutu dutenak gaztigatuak izan daitezen».

-

ITURIKO GATAZKA



 

Jardule guztiek krimenak egin dituztela dio NBEko txostenak





Kivuko hegoaldeaz gain, Ituri da Kongoko Errepublika Demokratikoan gatazka gogor bat pairatzen duen beste eskualde bat. Gutxienez 8.000 lagun hil dira eta beste 600.000tik gora ihes egitera behartuak izan, Iturin gertatu diren bortizkerien ondorioz. Gatazka honetan sartutakojardule guztiek krimenak egin dituztela ondorioztatu du Nazio Batuen ErakundekoGiza Eskubideen Batzordeakaste hasieran plazaratutako azterketa txostenak. NBEko adituek 1.600 elkarrizketa egin dituzte eta hauek argi utzi dute Ituriko gatazkarekin zerikusia duten zazpi talde armatuk eta hiru alderdi politikok, baita Kinshasako aginte ohiak eta Uganda zein Ruandako gobernuek «gerra krimenak, giza eskubideen aurkako krimenak edo gutxienez giza eskubideen bortxaketak» egin dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.