Gutxienez 19 lagun hil eta 50tik goiti zauritu dituzte gaur goizean Afganistanen. Bi ekintza suizida eta Poliziarekin izandako hainbat tiroketaren ondorioz hil edo zauritu dira horiek, Kabul hiriburuan. Ekintzaile islamistek hartu dituzte beren gain erasoak.
Afganistango Barne Ministerioak (Kabul hiriburuaz gain oso lurralde gutxi kontrolatzen ditu) geroago azaldu du bi ekintzaile suizidak egin diotela eraso Kartzeletako Departamenduari, beste ekintzaile batzuk Justizia Ministerioko bulegoetan sartu diren bitartean. Egoitza horiek hiriburuko erdigunean daude, Presidentearen Jauregitik hurbil.
Egoitzetan hasi diren tiroketen ondorioz Poliziak bi ekintzaile hil ditu, eta beste bat atxilotu. Ekintzaile talibanek, beren aldetik, polizia bat eta zerbitzu sekretuetako kide bat hil dituzte.
Beste ekintzaile bat hil dute poliziek, Hezkuntza Ministerioaren egoitzatik gertu, iturri ofizialen arabera. Alabaina, lekukoen arabera, ekintzaileak bere burua inguratua ikusi duenean aldean zeramatzan lehergailuak zartarazi ditu, eta eztandak eraginda hil da.
Bigarren eraso suizida Khairkhanako Kartzela Departamenduan gertatu da, Kabulgo iparraldean. Bi ekintzailek hamar bat lagun hil dituzte, beren buruez gain, soinean zeramatzaten bonbak leherrarazita, Afganistngo Tolo Tv katearen arabera.
MUNDUA
Gutxienez 19 lagun hil eta 50 baino gehiago zauritu dituzte Afganistanen
Ekintzaile talibanek hartu dituzte beren gain erasoak. Bi ekintza suizidak eta Poliziarekin izandako hainbat tiroketak eragin dituzte biktimak, Kabul hiriburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu