Perugiako probintziako Norcia herrian eta Lazioko Amatrice eta Accumolin izan du lurrikarak eragin handiena, Italia erdialdean. 03:36an izan da, eta 247 lagun hil dira gutxienez. Bideoa: etxebizitzak eraitsita Amatricen (@Radio1Rai).
LIVE In diretta da #Amatrice. I primi feriti trasportati a l'Aquila. Video dell'inviata @Framalaguti#terremotohttps://t.co/X8OFqOCVud
— Rai Radio1 (@Radio1Rai) 2016(e)ko abuztuak 24
Richter eskalan 6,2 gradukoa izan da lurrikara. Amatrice 2.000 biztanle inguruko herria da, eta bertako egoera "dramatikoa" da, Sergio Pirozzi alkatearen esanetan; herri erdia suntsituta geratu da. Oraindik dozenaka dira desagertuta daudenak, eta beraz, espero da gora egitea hildako kopuruak. Zehazki, 190 lagun hil dira Rietiko probintzian, eta beste 57 Ascolin. Larrialdi zerbitzuek lanean igaro dute gaua, eta azken orduetan dezente hazi da biktima kopurua, eraikin erorietako hondakinen artean topatu baitituzte ia ehun lagunen gorpuak.
Italiako lehen ministro Matteo Renzik iragarri du ez dutela inor "bakarrik" utziko, eta berehala hasiko direla lanean etxerik gabe geratu direnei laguntzeko. Lurrikarak kalte egindako eremuak ikustera joatekoa da arratsalden Renzi.
Lurrikara nagusiaren ondoren, hainbat dardara nabaritu dira: 3,9 gradukoa bat, Norciatik gertu, eta 4,6ko beste bat ordu erdi geroago, Amatricetik hamar kilometrora. L'Aquilatik gertu izan dira lurrikarak; han, 2009an izandako dardararen ondorioz, 300 lagun baino gehiago hil ziren.