2003an AEBek gidatutako okupazioa hasi zenez geroztiko sarraski handiena egin dute gaur Iraken: lau kamioi bonba zartarazi dituzte suizidekiparraldeko Ninive probintzian, eta gutxienez 250 lagun hil dituzte eta 300 bat zauritu.
Hori agintariek emandako kopuru ofiziala da, baina Kifa Muhammad Sinjarko ospitaleko zuzendariaren arabera, 500 bat dira hildakoak eta 300dik gora zaurituak. Sinjar hiriko lurretan gertatu dira atentatuak, Siriako mugatik hurbil.
Jazidi talde erlijiosoko kideak izan dira erasoen jomuga. Kulturaz kurduak dira jazidiak, eta Kristautasunaren, Islamaren eta horiek baino lehenagoko sinesmen paganoak dituen erlijio bat praktikatzen dute. Gehiengo musulmanak areriotzat hartzen ditu jazidiak, batik bat, joan den apirilean beren komunitateko neska bat mutil musulman batekin harremanetan egoteagatik harrika hil zutenetik. Esan bezala, azkenaldian areagotu egin dira haien kontrako erasoak; Al Kaedak mehatxu zehatza ere egin bide die egunotan: Islamaren etsaitzat jo eta haien kontra egingo duela iragarri bide du. Hain justu, Irakeko Gobernuak Al Kaedari egotzi dizkio erasoak.
Jazidiak kurduak dira kulturaz, eta, halaber, jazidien gehiengoa Iraken mendeko kurdistanen bizi da. Hori dela eta, Irakeko Kurdistango gobernu autonomoak Bagdadeko Gobernuari egotzi dio, hein batean, gaurko sarraskiaren errua: jazidiak behar bezala ez babestea leporatu dio, eta eskumen hori emateko galdegin.
Mundua
Gutxienez 250 dira Irak iparraldeko atentatuetan hildakoak
Osasun zerbitzuetako buruek 500 ere izan daitezkeela aipatu dute. Zaurituak 300dik gora dira. Lau kamioi bonba zartarazi dituzte suizidek Ninive probintzian. Jazidi talde erlijiosoko kideak izan dira atentatuen jomuga. Irakeko Gobernuaren arabera, Al Kaedak egin ditu. Kulturaz kurduak dira jazidiak, eta gutxiengo hori behar bezala ez zaintzea egotzi dio Kurdistango gobernu autonomoak Bagdadi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu