Gau osoa lanean eman dute larrialdi zerbitzuek, eta etenik gabe lanean jarraituko dutela hitzeman dute, "hondakinen artean inor ez dagoela egiaztatu arte". Datuen arabera, 250 hildako eragin ditu asteazken goizaldean Italia erdialdea astindu zuen lurrikarak. Zehazki, 184 lagun hil dira Rietiko probintzian, eta beste 57 Ascolin. Kopuruak gora egingo duela uste dute erakundeek, asko baitira desagertuta dauden herritarrak.
Richter eskalan 6,2 gradukoa izan zen lurrikara, eta Perugiako probintziako Norcia herrian eta Lazioko Amatrice eta Accumolin izan zuen eragin handiena. Ia 1.200 pertsonak igaro dute gaua larrialdi zerbitzuek horretarako egokitutako guneetan. Lurrikara nagusiaren ostean, beste zenbait dardara izan dira Italia erdialdean. 470 dardara baino gehiago erregistratu dituzte lurrikarrak ondorio larrienak eragin dituen lurraldeetan. Handienetakoa Rieti eskualdean erregistratu dute gaur gauean, Richter eskalako 4,5 gradukoa.
Amatrice herria izan da lurrikarak larrien jo dituenetako bat. 2.000 biztanle inguruko herria da, eta bertako egoera "dramatikoa" da, Sergio Pirozzi alkatearen esanetan; 200 baino gehiago izan daitezke hildako herritarrak, eta eraikin gehienak suntsituta geratu dira. Eguerdian, 4,3 graduko dardara bat izan da, eta zutik zeuden eraikin asko erori dira. Gauean, gorpuak baino ez dituzte atera hondakinen artetik.