Gutxienez 250 lagun hil dira Iraken, jazidi sinestunen aurkako erasoetan

Musulman muturrekoek gaizki ikusitako gutxiengoa dira jazidiak; ez da haien aurkako lehen erasoa

2007ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Gutxienez 250 lagun hil dituzteIrak ipar-mendebaldeko Ninive probintzian, jazidi erlijioko kideen kontra egindako eraso handian. Hildakoen kopurua 500era ere hel daitekeela azaldu dute inguruko erietxetako arduradunek, eta 400 bat lagun zaurituta daudela. Saddam Hussein kargutik kendu zutenetik Iraken egindako erasorik handienetakoa izan da. Lau kamioi-bonba leherrarazi zituzten astearte ilunabarrean, Katanija eta Adnanija herrietan. Eskualde horretan bizi dira kurdu etniakoak diren, baina erlijio sineste apartekoak dauzkaten jazidi gutxiengokoak. Ninive probintzia historikoki Irakeko Kurdistanen dago, baina kurduek lortutako lurralde autonomotik at geratu da.

Lau kamio-bonbak leherrarazi zituzten jende asko zebilen lekuetan eta, hortaz, txiki-txiki eginda utzi zituzten bazterrak. Leherketek bete-betean harrapatu zituzten kalean zeuden herritarrak eta lurrera bota zituzten dozenaka etxebizitza. Hala, hondakinen artean egon daitezkeen gorpu guztiak aurkitu arte, atentatu hauek zenbat biktima eragin duten ez da argi gertatuko.

Leherketak gertatu ziren herrietatik hurbilenik kokatua den Sinjar hiriko erietxeko zuzendari nagusi Kifa Muhammadek bertatik bertako lekukotza eman zuen atzo: «Geuk, 500 hildako eta 375 zauritu jaso ditugu». Sinjarko alkate Dhakil Kassimek aurretik eman zuen balantzeak 200 hildako eta 300 zauritutik gora aipatzen zuen, baina hautetsiak onartu zuen biktimen kopurua gora ari zela: «Txikitutako etxeetako apurkinen artean, geure eskuekin ari gara induskatzen, zeren eta, hondeamakinak ezin baitira baliatu eraikin mota hauetan; orain arte, baina, gorpuzkinak baino ez ditugu aurkitu».

Leherketen ostean, tokiko agintariek etxeratzeko deia indarrean jarri zuten bi herrietan, eta baita Sinjar eta Tal Afar hirietan ere. Ninive probintziako hiri inagusi den Mosuletik gertu daude.



TALABANI: «GENOZIDIO GERRA BAT DA». Jazidiak kurdu etniakoak dira, nahiz eta musulman sunitak dauden herri honetako gehiengoa ez bezala, erlijio sinesmen berezia daukaten, Islama zabaltzearen aurrekoa. «Terroristek daramaten genozidio gerra bateko biktimak dira», adierazi du Irakeko presidente Jalal Talabani kurduak, jazotakoarenaurrean gaitzespen keinua eginez. Nuri al Maliki lehen ministroak --xiita da bera-- gogor salatu du, halaber, «krimen okaztagarri eta basatia» eta zehaztu du ekintza klase hauek ez dutela «bakearen eta adiskidetzearen aldeko prozesu politikoa geldiaraziko».

Liga Arabiarrak ere gogor salatu ditu jazidien aurkako atentatuak:«Irakeko herritar guztien arteko berradiskidetzea da indarkeriaren gurpil zoroa geldiarazteko bide hoberena». Nazioartean, ildo berean, eraso odoltsu hauen salaketa bipilak entzun dira, hala nola Ameriketako Estatu Batuen, Erresuma Batuaren eta Frantziaren partetik, besteak beste.

Iraken 100.000 inguru dira jazidiak. Eraso honen pareko erasorik ez zuten izan orain arte. Baina ez da lehenengoa izan. Iragan apirilaren 23an,talde armatu bateko kideek geldiarazi zuten autobus bat, Beshika herritik hurbil --Mosul hirin agusitik hamar bat kilometrora-- eta bertan zihoazen 23 sinestun jaitsarazi eta tiroz josita hil zituzten.

Sarraski hau muturreko musulman sunita batzuei leporatu zieten agintariek, bi aste lehenago jazo zen gertaera baten aurkako mendekua izan zitekeela azalduta. Izan ere, aurtengo apirilaren 7an, jazidi sendi bateko kideek Dua Khalil Aswad 18 urteko neska gaztea harrika hil zuten, honek bere familiatik ihes egin zuelakoan, musulman sunita gazte batekin bizitzeko asmoz.

Basakeria honen ostetik, jazidien aurkako muturreko musulman suniten mendeku andana gertatu da. Apirilaren 23koa izan bazen herenegun arteko triskantza handiena, asteartean bertan bi jazidiren hilotzak jaso ziren Kirkukeko gorpuztegian (Kurdistan), harrika hilak izan zirelarik, itxura guztien arabera.

Izan dira indarkeria ekintza gehiago ere. Bakubahirian, 14 lagunek bizia galdu zuten atzo, Irakeko Poliziaren eta gerrillari talde baten arteko borroketan. Hildakoetatik zortzi gerrillariak ziren eta sei zibilak. Hogei zibil ere zauritu ziren.



Deabrua aingeruen buru

daukatenak
Jazidiak kurduak dira, baina islama zabaldu aurreko erlijio sinesmenak dituzte. Ez diote arbuiorik deabruari eta, aitzitik ere, ohoratzen dute.
a. sokarros

Bi pertsonaia nagusi daude jazidien erlijioan, bata Zuade izeneko jainkoa da, eta hegazterren baten itxura ematen dioten Malak Tavus izeneko deabrua bestea. Alabaina, jazidien irudiko, deabrua ez da gaizkiaren munduko agintaria, bai, ordea, aingeruen buruzagia. Hori dela eta, ohore egiten diote. Sinesmen berezi horren oinarria da jazidiek uste dutela Malak Tavus deabruak erruki egin duela aurretik egindako gaizkiengatik, eta, ondorioz, Zuade jainkoak aingeruen buruzagitzan jarri duela. Jazidiek ez dute ez zeruan, ez infernuan sinesten. Sua eta eguzkia gurtzen dituzte.

Aditu batzuen arabera, jazidien erlijioak Persia zaharreko zoroastroarren sinesmenetan ditu sustraiak. Erlijioaren bultzatzaile nagusia, berriz, XII. mendean biziizan zen Sheik Udai ben Massafel el-Amaui izan zen. Hori Damaskon jaio zen (Siria, gaur egun), eta hilobiratu zuten orain Iraken den Lalish herrian. Leku hori, ondorioz, jazidien santutegi nagusia bihurtu da.



SEI MAILAKO FEDEA. Islamaren aurreko erlijio honetako sinestunak sei mailatan banatuta daude, hots, goi mailatik beherakora: printzeak, sheikak, potenteak, argituak, azetikoak eta sinestun soilak. Azken horietatik dira jazidietatik %70. Musulmanek ez bezala, jazidiek txerrikitik jan dezakete. Debekuen artean bada, berriz, urdinez janztea eta jazidi ez den norbaitekin ezkontzea. Era berean, jazidiek ez dute onartzen aurretik beste sinesmen batekoa zen norbait euren erlijiora konbertitzea.

Horiek hala, kurduak izan arren, herri horretako beste biztanleek ez dute haiekin harremanik edukitzen. Kurdu gehienak musulman sunita direnez, jazidiak «ez-garbitzat» dauzkate, batik bat txerrikia jateagatik. Hala eta guztiz ere, jazidiek ordezkariak dauzkate Irakeko Legebiltzarrean, horietatik hiru aukeratu baitzituzten Aliantza Kurduaren zerrendaren barnean. Beste bi ordezkari dauzkate Kurdistango Legebiltzar autonomoan, Arbilen.



KURDU LURRALDE OSOAN BANATUAK. Jazidiak kurduak direnez, herri hori menderatu duten herrialde guztietan aurki daitezke, gehienak Iraken eta Sirian, baina baita Turkian, Iranen, Armenian eta Kaukasoko zenbait herrialdetan ere.

Zenbaketa zehatz bat egitea zaila bada ere, pentsatzen dute 500.000 inguru direla gaur egun jazidi komunitateko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.