Sarraskia AEB-etan

Gutxienez 27 lagun hil dituzte AEBetako ikastetxe batean izandako tiroketa batean

Sarraski handia gertatu da Ameriketako Estatu Batuetan, Connecticuten, izandako tiroketa batean. Poliziak emandako azken datuen arabera, gutxienez 27 lagun hil dira, haietako 18 haurrak. 

Berria.info
2012ko abenduaren 14a
19:51
Entzun

Newtown-eko Poliziak emandako lehen datuen arabera, bi lagun sartu dira Connecticuteko ikastetxe batean, armatuta, eta tiroka ekin diote ume eta helduen aurka. Tiroen ondorioz, gutxienez 27 lagun hil —haietako 18 haurrak dira— eta dozenaka zauritu dira. Erasoa goizeko 9:40an gertatu da (Euskal Herriko 15:40ak aldera). Hainbat lekukoren arabera, ikastetxeko zuzendaria eta psikologoa ere hil dira, tiroen ondorioz.  

Poliziak emandako lehen informazioen arabera, haur eta helduei tiroka ekin dien erasotzaileetako bat hil egin da. Oraindik ez dute argitu Poliziak berak hil duen edo bere buruaz beste egin duen. Zauritu ugari Connecticuteko Danburyko ospitalera eraman dituzte. Ospitalak agiri bat kaleratu du, baina zaurituen egoeraren berri ez du eman.

Hedabide batzuen arabera, Poliziak erasorako erabili dituzten bi pistola atzeman ditu. Oraindik ez dute argitu nola sartu diren erasotzaileak ikastetxe barruan, eta ea zerikusirik duten ikastetxearekin. Poliziak ere ez du argitu zein arrazoirengatik gertatu den erasoa, baina bai zehaztu du tiro egileak ez direla eskolako ikasleak. Hain zuzen ere, AEBetako ikastetxeetan izandako antzeko azken bi erasoetan —Columbineko insitutuan eta Virginako Tech Unibertsitatean— tiro egileak hango ikasleak ziren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.