Mena Egiptoko berri agentziaren arabera, Poliziak zale batzuei estadiora sartzea galaraztean piztu ziren istiluak. Egiptoko Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 10.000 lagunentzako lekua du estadioak, eta bi taldeetako zaleak "indarrez" sartzen saiatu ziren bertara, eta Poliziak esku hartu zuen, "jabetza publikoari kalte ez egiteko". Iturri horien arabera, zaleek Poliziaren zortzi auto erre zituzten, eta Polizia oldartu egin zitzaien.
Liskarrak sarri izan dira futbol ekitaldietan, baina igandean gertatutakoak larrienak dira 2012ko otsailaren 1az geroztik; egun horretan, 74 lagun hil eta 254 zauritu ziren Port Saiden, Al Ahly taldeko zaleen arteko istiluetan. Horren ondorioz, zaleei estadioetara sartzeko debekua ezarri zieten, baina debeku hori bertan behera utzi izan dute nazioarteko txapelketak jokatzen direnean.
Egiptoko Barne Ministerioa eta hango Futbol Federazioa ados jarriak ziren debeku hori hilabete honetatik aurrera bertan behera uzteko.