Trenak trenbide pasagune batean gelditu ez zen autobus bat jo eta gutxienez 35 lagun hil ziren eta beste 60 zauritu atzo Sri Lankako Kolonbo hiriburutik 80 kilometrora. Lehen ikerketen arabera, autobus gidariak ausarkeriaz jokatu zuen eta, istriputik landa ihes egin zuelarik, Poliziak atxilotu egin zuen.
Goizeko 08:40an gertatu zen (04:40 Euskal Herrian), Polgahawela herrian, Kolonbotik ipar-ekialdera. Kolonbo eta Danbula hirien arteko lotura egin ohi duen autobus bateko gidaria ez zen gelditu trenbide pasabidean, nahiz eta langa batek trabatzen zuen, beste erdia libro utzita. Pasagunean geldituta zegoen auto ilarari aurreahartuta, burdinbide gainetik igarotzea saiatu zuen gidatzaileak, baina abiadura handiz zihoan Kolonboren eta Kandy santutegiaren arteko lotura egiten duen trena. Bi ibilgailuen arteko talka egitea oso handia izan zen eta trenak ehun bat metrotan arrastaka eraman zuen autobusa. Gelditu zeneko, sugarrek hartu zuten autobusa. Poliziaren eledun Rienzie Pereraren arabera, 35 lagun hil eta 60 zauritu ziren; guztiak autobuseko bidaiariak. Lehen iragarrietan, istripuak 50 hildakotik gora eragin zuela aipatu zen. Haatik, balantzea behin-behinekoa da, zaurituetatik hamar larri baitaude.
Gidatzaileak ihes egin zuen
Sri Lankako presidente Chandrika Kumaratunga «durduzatuta eta penatuta» azaldu zen istripuagatik. Garraio ministroari istripuaren nondik-norakoez argibide guztiak emateko eskatu zion.
Poliziak autobusaren gidatzailea erietxe batean atxilotu zuen, zauri arin batzuez artatzen zutelarik. Gidatzaileak ihes egin zuen istripua gertatu eta berehala. Poliziaren argibideen arabera, gidatzaile hau beste autobus batekikoarekin lehia antzeko batean ari zen, bide bazterrean garraio baten zain zeuden bidaiariak hartzeko xedez. Hortaz, pasabidean gelditu beharra hautsi zuen, Sri Lankan maiz gertatzen den bezala.
SRI LANKA
Gutxienez 35 lagun hil eta 60 zauritu dira autobus eta tren baten arteko istripuan
Autobusak trenbide pasagunea gainditu du; Poliziak gidaria atxilotu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu