Matteo Salvini Italiako Barne Ministroak baieztatu duenez, 35 dira jada Genovan eroritako Morandi zubibidean ondorioz hildakoak. Hainbat pertsona zaurituta daudela gaineratu du Salvinik, horietako batzuk larri. Edoardi Rixi Garraio mininistrordeak aitortu du biktima kopuruak gora egin dezakeela datozen orduetan. Istripua gertatu den unean 30 auto inguru zeuden Morandi zubibidean.
Eguerdiko hamabietan gertatu da ezbeharra: A-10 autobideko zubibide bat 100 metrotik erori da. Hainbat auto harrapatuta geratu dira hondakinen artean. lI Corriere della Sera kazetak zabaldu duenez, larrialdi zerbitzuak tokian bertan dira, eta suhiltzaileak jendea ateratzen ari dira hondakin artetik. Berrehun suhiltzaile baino gehiago ari dira jendea erreskatatzeko lanetan.
#14agosto#Genova#crollo#PonteMorandi Polcevera Morandi @VAIstradeanas@DPCgov@emergenzavvf@Viminale@ComunediGenova@StradeAnas@112_ITALIApic.twitter.com/SHJpMngAqD
— Polizia di Stato (@poliziadistato) 2018(e)ko abuztuaren 14(a)
Lehen zantzuen arabera, egiturazko akats baten ondorioz erori dira zubiaren bi zatiak. Orduantxe euri jasa handia ari zuen Genovan. Danilo Toninelli Italiako Garraio ministroak Twitterren zabaldu duenez, "neurrigabeko tragedia" izan da gertatutakoa.
Morandi zubia da eroritakoa, 1963 eta 1967 bitartean eraikia. A-10 autobidearen parte da zubia; autobide horrek Frantzia iparraldea Milanekin lotzen du. Laurogeita hamar metro garai zen eroritako zubia, eta 1.182 metro luze. Zubiko ehun metro inguru erori dira.
Autostrad eroritako zubia dagoen autobidea kudeatzeaz arduratzen den enpresak adierazi du zubibidearen egitura indartzeko lanak eginak zituztela. Gaineratu du gertatutakoa "sakon" aztertuko dutela zubira iristea lortzen dutenean.