Atentatua

Gutxienez 39 dira Moskuko metroko leherketan hildakoak

Moskuko metroko tren batean bonba bat lehertu da gaur goizean, eta eztandaren ondorioz, gutxienez 39 lagun hil dira eta ehundik gora daude zaurituta. Erasoa ekintzaile suizida batek egin duela uste dute Errusiako Poliziako eta segurtasuneko buruek, eta Vladimir Putin presidenteak Alan Maskhadov buruzagi independentista txetxeniarrari egotzi dio ardura. Maskhadovek eta haren kideek, ordea, erasoarekin ez dutela zerikusirik ziurtatu dute. Hala ere, Putinek esan du, ez duela txetxeniar independentisten baieztapenaren beharrik haiek izan direla jakiteko.

2004ko otsailaren 6a
15:16
Entzun
Goizeko 08:40etan (07:40 Euskal Herrian) gertatu da leherketa, Moskuko metroko

Paveletskaya etaAvtozavodskaya geltokien artean, Kremlimetik hiru bat kilometrora. Alexander Txekalin Errusiako Barne ministrordeak agertu duenez, tren bateko bigarren bagoian zegoen lehergailua, maleta handi batean, eta kilo bat eta hiru kilo trilita artean zituela uste da. Gainera, metroko espazioa itxia eta txikia denez, areagotu egin du eztandaren indarra, eta treneko bi bagoi guztiz suntsitu ditu.

Hildakoak, orain arte zabaldu diren datuen arabera, 39 dira eta zaurituak ehundik gora. Dena den, gorpu asko guztiz txikituta eta oso barreiatuta geratu dira —larrialdi zerbitzuetako langileek agertu dute sabaian ere topatu dituztela hilotzen zatiak—, eta haiek guztiak bildu nahian dabiltza hildakoen kopuru zehatza eman ahal izateko.

Txikizio handia eragiteaz gain, sua eta kea zabaldu ditu leherketak Paveletskaya geltoki inguru guztian, eta metroan zeuden ehunka herritar atera behar izan dituzte erreskate taldeek.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak ziurtasun osoz esan du independentista txetxeniarrak izan direla erasoaren egileak. "Ez dugu bestelako baieztapenik behar. Ziurtasun osoz dakigu Maskhadovek eta haren mandilek ekintza terrorista honekin harreman dutela", adierazi du Putinek.

Alan Maskhadov txetxeniar indepentisten buruak, ordea, erasoarekin zerikusirik dutela ukatu egin du, eta, gainera, gogor gaitzetsi du atentatua. Atentatuaren atzean Errusiako zerbitzu sekretuak daudela iritzi diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.