Moskuko metroan atzo goizean gertatu zen leherketa baten ondorioz, gutxienez 39 bidaiari hil ziren eta beste 129 zauritu, agintariek emandako behin-behineko balantze baten arabera. Poliziak ekintzaile suizida bati egotzi zion leherketaren ardura eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak Txetxeniako agintari independentisten bizkar jarri zuen atentatuaren erantzukizuna. Aslan Maskhadov Txetxeniako presidente independentistak, haatik, ukatu zuen atentatu honekin zerikusia izatea eta, kondenatzeaz gain, «probokazio odoltsutzat» jo zuen.
Leherketa, goizeko 08:32an gertatu zen (07:32 Euskal Herrian), metroko bagoi andana Avtozavodskaia geltokitik abiatua zelarik eta Paveletskaiako geltokira hurbiltzen ari zelarik. Eztanda gertatu zelarik, konboia tunel baten barruan zegoen oraindik. Ordu horretan, bagoiak jendez mukuru zeuden eta leherketaren ufakoaren ondorioez gain,eztandatik landa piztu zen sute baten ke itogarria pairatu zuten bidaiariek. Salbakuntza lanak oso azkar indarrean jarriak izan ziren eta sorosleek 700 bidaiari inguru ebakuatu zituzten denbora laburrez.«Trena gelditu bezain laster, burdinbidera jauzi gira eta ordua ikusi ditugu, jende gorputz zatiak, besoak eta zangoak non-nahi; odol ugari bazen denetan eta zaurituen oihuak eta auhenak etengabe entzuten ziren», aditzerat eman zuen onik irten zen Iuri Dorofeev bidaiariak. Gertaera hauek, haatik, jendeen artean izualdirik ez zutela eragin nabarmendu zuten lekukoek. Bidaiariek, tuneleko burdinbide gainean 500 metro oinez behar izan zuten egin, geltoki batera iristeko gisan.«Zalantza ipzirik gabe, atentatu bat da», adierazi zuen Kiril Mazurin Moskuko Poliziako eledunak. Lehergaiak TNT kilo baten potentzia zuela zehaztu zuen bozeramaile honek.Valeri Shantxev Moskuko alkatordeak, berriz,5 kilo TNTko karga baten potentziakoa zela ziurtatuta, lehergailua ez zela ekintzaile suizida baten gerrikoan ezkutatua eta, antza denez, iltzerik eta burdinazkorik gabe zegoela zehaztu zuen.Errusiako Interfax prentsa agentziak zabaldutako datu baten arabera, Poliziak uste zuen ekintzailea emakume bat zela.Poliziarekin bat eginda, Errusiako agintari politikoek, leherketa atentatu baten ondorioa izan zela aldarrikatu zuten. Hala, Valdimir Putin Errusiako presidenteak zera esan zuen: «Baieztatze baten beharrik ez daukagu, Maskhadov eta bere gaizkileak ekintza terrorista honekin lotuta daudela ziurtatzeko». Kremlineko buruzagiak gogor salatu zuen «XXI. mendeko heldea den nazioarteko terrorismoa».Alabainan, chechenpress.info internet gunean zabaldutako ohar baten bidez, Aslan Maskhadov Txetxeniako presidente independentistaren eledun Akhmed Zakaeievek erabat ukatu zuen aginte txetxeniar independentistak zerikusia izatea atzoko atentatuarekin. «Ishkeriako errepublika txetxeniarreko presidenteak eta gobernuak zinki adierazten dute ez dutela inolako zerikusirik probokazio oldoltsu honekin eta zalantza izpirik gabe kondenatzen dutela».
Hauteskundeen atarian
Atentatu hau, dena den, Errusiako presidentetzako hauteskundeen atarian gertatu da, Vladimir Putin faborito handia den boz hauek datorren martxoaren 14an gertatzekoak baitira.
Moskun aurretik gertatutako azkenengo atentatua, 2003ko abenduaren 9an jazo zen, emakume suizida batek bere burua zartarazi zuelarik Plaza Gorritik hurbil, 5 hiritarren heriotza eraginda. 2003ko uztailean, aldiz, bi emakumek euren buruak leherrarazi zituzten Errusiako hiriburuko Tushino aireportuan egiten zen rock musika jaialdian, 14 heriotza eraginda. Txetxeniako gatazkarekin lotutako gertaera odoltsuago aizan zen Moskuko Dubrovka antzokiko bahiketa, 2002ko azaroan. 129 bahituren eta komando txetxeniarreko 41 kideen hiltzearekin amaitu zen, Polizia errusiarrak ekin zuelarik eta gas hilgarriak erabili.
ATENTATUA MOSKUKO METROAN
Gutxienez 39 hildako Moskuko metroan gertatutako atentatuan
Errusiako presidente Vladimir Putinek erasoaren erantzukizuna gerrillari txetxeniarrei leporatu die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu