Mundua

Gutxienez 40 lagun hil dira Iranen, lurrikara baten eraginez

7,8 graduko lurrikara izan da, Iran eta Pakistan arteko mugatik gertu. Karachin hainbat eraikin hustu dituzte. Inguruko beste herrialde batzuetan ere nabaritu dute. Zenbait iturriren arabera, 2003an Bamen izanikoa baino bortitzagoa izan da.

2013ko apirilaren 16a
16:06
Entzun

Irango FARS albiste agentziaren arabera gutxienez 40 dira lurrikararen ondorioz hildakoak, Iranen. Astindua 7,8 gradukoa izan da, USGS AEBetako sismologia zentroak zehaztu duenez. Lurrikara gaur eguerdian izan da, Iran eta Pakistan arteko mugatik oso gertu. Hemezortzi kilometroko sakontasuna izan du lurrikarak, eta Iran inguruko herrialde askotan nabaritu dute, Pertsiar Golkokoetan ere bai.

Hedabide batzuen arabera, orain dela hamar urte Bamen izan zena baino bortitzagoa izan da; 6,6 gradukoa izan zen  hura. 2003ko abenduaren 26an izan zen orduko hori, eta 30.000 pertsona inguru hil ziren, Bamgo herritarren laurden bat inguru. Zaurituak 500.000 izan ziren, eta 80.000 lagun geratu ziren etxerik gabe.

Ez da gaurkoa inguruan azken aldian izan den lehen lurrikara. Aurreko astean 6,3 graduko lurrikara izan zuten Iran hego-mendebaldean, eta 37 lagun hil eta 850etik gora zauritu zituen.

Kalteak beste herrialdeetan ere

Al Jazeeraren arabera gaur izan den lurrikara Karachin (Pakistan) ere nabaritu dute, eta hainbat eraikin hustu dituzte. Telebista kate horren arabera, iturri ofizial batek jakinarazi die ehunka izan daitezkeela hildakoak. Indian Delhin ere sentitu dute lurrikara, eta jendea kalera atera da korrika.

Hainbat herrialde arabiarretan ere jasan dute lurrikara. Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan, Abu Dabin, esate baterako, jendea korrika atera da kalera. Qatarren hainbat etxe orratz hustu dituzte, eta hainbat anbulantzia joan dira hiriaren finantza auzora.

Baharainen ere finantza auzoa ebakuatu dute. Saudi Arabian 6,3 gradukoa izan da lurrikara, eta izua eragin du herritarren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.