Iraken indarkeriak ez du etenik AEBen inbasioaren ondorenean. Diwaniya hirian —Bagdadetik 160 kilometro hegoaldera— gutxienez 40 lagun hil zituzten atzo, bonba auto bat merkatu batean leherrarazita, Al-Qadisiyah probintziako agintariek jakinarazi dutenez. Xiiten meskita baten ondoan izan da leherketa, eta une horretan erromes andana zegoen haren inguruan. Horregatik, helburua talde erlijioso hori izan dela uste dute agintariek. Aurten egindako atentatu handienetakoa izan da. Duela hogei egun 70 lagun inguru hil zituzten erromes xiiten aurka herrialde osoan eta Kurdistan hegoaldean eginiko atentatu sailetan. Agintariek Al-Qaedarekin lotutako erakunde sunitei egotzi dizkiete eraso horiek.
Xiiten aurkako eraso anitzetan bezala, ospakizun erlijioso batek bildutako jendetza baliatu dute erasotzaileek. Mahoma profetaren ondorengotzan hamabigarren imamtzat duten El-Mehdiren urteurrena ospatzen ari dira xiitak, Kerbalara erromesaldia eginez —Bagdadetik 80 kilometro hego-mendebaldera—. Hain zuzen, hiri horretatik hurbil lau erromes hil zituzten atzo bide bazterretan kokatutako lehergailuak zartarazita, eta bertze 21 zauritu zituzten.
AEBek inbasioaren helburuak amaitutzat emanda utzi zuten Irak iazko abenduan, baina ia bederatzi urteko okupazioak interes eta helburu hagitz ezberdinak dituzten adarren arteko borrokan banatuta utzi du Irak. Saddam Husseinen agintaldian gutxiengo sunitak monopolizatu zituen aginte esparru nagusiak, baina inbasioaren ondoren xiitak izan dira boterea eskuratu dutenak. Bi bandoen arteko borrokak 2006-2007 urteetan jo zuen goia. Bi urte horietan 55.000 lagun inguru hil ziren erasoetan eta borroketan (Iraq Body Countek bildutako datuak).
Ekaina, hilabete odoltsuena
Ordutik, erasoetan hildakoen kopurua jaitsi bada ere, atentatuek etengabe segitu dute. Iaz, inbasioaren azken urtean 4.087 zibilen heriotza bildu zuen Iraq Body Countek, eta, aurten, urtearen lehenbiziko erdialdean jada zifra horren erdia gainditu da. Hilabete odoltsuena ekaina izan da, gainera, 472 hildakorekin.
Tarik al-Haxemi presidenteordearen kasuak ere suniten eta xiiten arteko tentsioan eragin du. Sunita da Al-Haxemi, eta xiitak buru dituen gobernuak «terrorismoa» egotzi zion; zehazki, gobernuko kideen, indar armatuen eta erromes xiiten aurka ari diren taldeak zuzendu eta finantzatzea. Presidenteordearen arabera, baina, buruzagi xiitek haren aurka prestatutako azpikeria politikoa da dena.
Interpol, Al-Haxemiren bila
Al-Haxemik Iraketik ihes egin zuen, eta Turkian babestuta dago. Bere egoera aldatu liteke, ordea, Interpol Poliziaren Nazioarteko Erakundeak iheslari bilatuenen zerrendan sartu baitzuen atzo, Associated Press agentziak jakinarazi duenez. Bagdadek hala eskatuta egin du hori Interpolek.
Gutxienez, 40 lagun hil dituzte Iraken, xiiten aurkako atentatu batean
Diwaniya hiriko merkatu batean bonba-auto bat leherrarazi dute, jendetza bilduta zegoen meskita batetik gertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu