Arma trafikoan eta legez kanpoko ehizan aritzea leporatzen diete Uganda Askatzeko Armada Nazionaleko (NALU) eta Indar Demokratiko Batuak (ADF) taldeetako gerrillariei. Gauzak horrela, ustez haiek ezkutatzen diren eremuari eraso zioten NBE Nazio Batuen Erakundeko 600 kasko urdinek eta Kongoko Armadako 3.500 soldadu inguruk. Iturri ofizialen arabera, enfrentamenduetan 40 pertsona hil ziren. Tartean hiru soldadu eta Indiatik joandako kasko urdin bat. Azken horrekin, 60 dira jada Kongon hildako kasko urdinak.
Igande goizeko lehen orduetan hasi zuten gerrillarien kontrako operazioa Kivu probintziako iparraldean. NBEren esanetan, herritarren segurtasuna bermatzea da operazioaren helburua. Gerrillarien menpe dauden eskualdeak bereganatu nahi dituzte horrela agintariek. Kivukoaz gain, beste hainbat operazio ere abiatu dituzte Ituri probintziatik gertu. Duela astebete inguru hasi zituzten gerrillarien aurkako operazioak, Konstituzioari buruzko erreferenduma egin eta egun gutxira. Joan zen larunbatean jakinarazi zutenez, Nioka eskualdea Kongoko segurtasun indarren esku dago jadanik.
Mila gerrillari inguru Kivun
NBEK Kongon duen ordezkari Hans-Jakob Reichenek azaldu zuenez, Ugandako mila gerrillari inguru ezkutatzen dira Kivu probintzian. Ugandako Gobernuak amnistia eskaini zien ADF eta NALU taldeetako kideei, baina horiek ez zuten Gobernuaren eskaintza onartu nahi izan. 15.000 gerrillari inguruk jarraitzen dute Kongon borrokan.
Herrialde hartan 1998 eta 2002ko urteak bitartean izan zen gerra zibilean inguruko sei herrialdek hartu zuten parte. Gatazkan hiru milioi pertsona inguru hil ziren, borroken ondorioz batzuk eta gosearen edo gaixotasunen eraginez besteak. Egun gerrillari gehienek armak alde batera utzi dituzte, baina badira oraindik, borrokan jarraitzen dutenak ere, herrialdearen ekialdean batez ere. NBEk 16.000 kasko urdin ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan. Hala ere, duela astebete inguru egin zen erreferendumean gerrillariek hainbat hauteslekuri eraso zieten. Agintariak beldur dira indarkeria ez ote den ugarituko datorren martxoan egitekoak diren hauteskunde orokorretan. Horiek izango dira herrialde horretan egiten diren lehen bozak. Bestalde, joan zen larunbatean jakinarazi zituzten hilaren 18an egin zen erreferendumari buruzko datuak. Gauzak horrela, herritarren %83k Konstituzioaren alde bozkatu zuten, eta %17k, berriz, kontra. Hauteskunde Batzorde Independenteko presidente Apollinaire Malu Maluren esanetan, 13,26 milioi boto zenbatu dituzte jada. Orotara, 24,5 pertsonak zuten bozkatzeko aukera, baina parte-hartzea %57,6 ingurukoa izan zen. Konstituzio berriak hainbat aldaketa bultzatzen ditu. Esate baterako, orain arte 11 probintzia bazeuden, hura indarrean jartzen denean 25 izango dira. Horretaz gain, autonomia gehiago izango dute. Baina, oposizioa beldur da horrek ez ote duen probintzia aberatsenen banaketa eragingo. Era berean, oposizioko buruzagi Andre Liyunguk erreferendumean iruzur egin zutela salatu zuen.
KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA
Gutxienez 40 pertsona hil dira borroketan
NBEko 600 kasko urdinek eta Kongoko 3.500 soldadu inguruk ustezko gerrillariak ezkutatzen diren eremuari eraso diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu