ATENTATUA PAKISTANEN

Gutxienez 44 lagun hil dira xiiten meskita batean eginiko erasoan

Herritarrak ostiraleko otoitzaldian bildurik zeudela, granadak jaurti eta tiro egin dute hiru gizon armatuk

Erredakzioa
2003ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Gutxienez 44 lagun hil ziren eta beste 65 zauritu Pakistango Balutxistan eskualdeko hiriburua den Qettako meskita xiita baten aurka atzo eguerdialdean gertatutako erasoan. Alabaina, Pakistango Barne Minsiterioak atzo arratsalde amaieran zabaldutako balantze hau are larriago bihur daiteke, erasoan zauritutako asko nahiko larri daudelakotz.

Erlijio musulmaneko gutxiengo bat osatzen duten xiita sinesleak hartzen dituen meskita honen aurkako erasoa bertako 13:30 eta 13:35 bitartean gertatu zen. Lekukoen arabera, hiru gizon sartu ziren meskitan, ostiraleko otoitzaldi nagusirako 2.000 lagun inguru bilduta zeudela. Sartu orduko, eraso egileak granada botatzen eta jendeak tirokatzen hasi ziren.

Rehmatula Niazi Quettako Polizia indarren buruzagiak emandako argibideen arabera, erasotzailetatik batek bizia galdu zuen lehergailuren eztanda egitean, beste bat segurtasunerako zaindariek kalitu zuten, eta hirugarrena buruan zauritu eta ospitalera zeramatenean hil zen.

Atentatuaren berria zabaldu orduko, xiitak gehiengo diren Quettako auzune horretako ehunka lagun bildu zien meskita aldera, eta istilu larriak piztu ziren berehala. Herritarrek, haserre gorrian, hainbat ibilgailuri su eman zieten eta harriak jaurti zituzten bertara joan ziren polizien aurka. Pakistango Segurtasun Indarrek airera tiro eginda iharduki zuten, eta manifestariak banatzen hasi ziren.

Egoera gori-gorian zela aitzakiatzat harturik, agintariek etxean geratzeko agindua zabaldu zuten, eta meskitaren aurkako erasoa gertatu eta bi ordura indar paramilitar batzuk kaleetan patruilatzen hasi ziren. AFP frantziako informazio agentziak galdezkatutako lekuko batek zehaztu zuenez, «tentsioa goren-gorenean dago, eta militarrak kaleetan daude; bide trabak ere jarri dituzte». Etxean geratzeko agindua hauts lezaketenen aurka soldaduek eta paramilitarrek tiro egiteko baimena dutenez galderari erantzutean, «hori da ohiko jokabide egoera horietan», adierazi zuen Sheema jeneralak.

Pervez Musharrafek «irmo» jokatuko duela agindu du

Pakistango presidente Pervez Musharraf Parisen zebilen bisita ofizialez Quettako atentatuaren berri jaso zuelarik. Frantzian hiru egunez egin duen egonaldia, eta prentsaurreko batean zegoen erasoaren berri hartu zuelarik, eta hauxe adierazi zien kazetariei: «Pakistanen, tamalez, badago gutxiengo bat herritarren gehiengo zabalak gurako duena galarazteko ahaleginetan dabilena; horien aurka irmo jokatu behar dugu, eta ahalegin guztiak egingo ditugu xede horretan». Pakistango presidenteak bere jarrera argudiatu zuen. «Niretzat argi dago pakistandarren gehiengo handiak ez duela inondik eta inola ere esku hartzen estremismoaren, fundamentalismoaren eta terrorismoaren hazkundean».

Eraso egileei buruz ez zen argibiderik zabaldu atzoko arratsalde amaiera artean, eta atentatua ez zuen inork bere gain hartu. Sheik Rashid Ahmed Informazioa ministroak ez zuen datu gehiago eman. «Atentatu terrorista honen helburua zen legea eta ordena aztoratzea, besterik ez», adierazi zuen gobernukideak.

Haatik, xiita gutxiengoaren aurka hilabete bat barne gertatu den bigarren erasoa zen atzokoa. Izan ere, iragan ekainaren 8an, Qettan orduan ere, Polizia bilakatzeko ikasketetan zeuden 12 gazte hil ziren eta beste8 zauritu, hauen ibilgailua tirokatu zutelarik.

Aurreko atentatu horretako biktimak bezala, meskitan atzo bildu zirenak xiita musulman erlijio adarrekoak diren Hazara leinukoak ziren. Pakistango 145 milioi bizilagunen artean, xiïta gutxiengokoak herritarren % 20 dira gutxi gorabehera. 1980ko hamarkadaren amaieratik indarkeria ugaldu da gehiengoan diren suniten eta xiiten artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.