Astearte gauean hasi zuten matxinoek Kandaharko nazioarteko aireportuaren aurkako erasoaldia. Iturri ofizialen arabera, gutxienez 46 pertsona hil dira enfrentamenduetan, horietatik 37 zibilak. Borrokak, ordea, ez dira amaitu, eta segurtasun indarrek ohartarazi dute hildako kopuruak gora egin dezakeela, matxinoek bi famila bahitu dituztelako. Talibanek beren gain hartu dute erasoaldia.
Nazioarteko aireportuaren inguruetan dituzte beren egoitzak Afganistango, AEBetako eta NBEko militarrak, eta bertan bizi dira haien familiak ere. Defentsa Ministerioak iragarri du "kontu handiz" egiten ari direla operazioa, "zibilen heriotza saiheste aldera".
Bake elkarrizketak
Hain zuzen ere, herenegun heldu zen Ashraf Ghani presidentea Pakistanera, talibanekiko bake elkarrizketak bultzatu asmoz. Nazioarteko aireportuaren aurkako erasoak, eta astelehenean Kandaharko polizia etxe baten kontra egindakoak, ordea, kolokan jarri dituzte negoziazio hauek.
Bestalde, talibanen buruak ohartarazi du ez dutela bake elkarrizketetan parte hartuko, baldin eta euren eskaera nagusiak betetzeko urratsik egiten ez bada. Afganistanen lege islamikoa ezartzea da talibanen eskaeretako bat.