Gerra zibil aurreko egoera sortu ondoren, gobernuak eta oposizioak ezustean akordio bat egin zuten bart iluntzean negoziatzen hasteko. Independentziaren plaza ez husteko hitza eman zuen Janukovitx presidenteak.
Menia horrek ez du luzaroan iraun, ordea. Gaur goizean berriro ekin diete liskarrei Kieven. Independentzia plaza inguratua zuten poliziek, baina atzera eginarazi diete manifestariek.
[Youtube]http://youtu.be/G1c5msSvrSU[/Youtube]
Hildako kopuruak gora egiten jarraitzen du. Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordeko buru Valeria Lutkovskaren arabera, gutxienez 50 lagun hil dira gaur. Ospitaleak bisitatzen aritu dela esan du Lutkovskak, eta "askozaz biktima gehiago" egon litezkeela ohartarazi du. Ukrainako Osasun Ministerioak eguerdian jakinarazi duenez, goizean 28 ziren hildakoak, eta 445 zauritu artatu dituzte, horietatik 287 erietxean. Zaurituen artean, 88 polizia, sei kazetari, Vasili Pazeniak diputatua eta lau adingabe daude.
Informazio nahasiak izan dira liskarren ondorioz hildakoen inguruan. Le Monde Frantziako kazetak argitaratu duenez, ehundik gora dira istiluetan hildakoak. Horrez gain, 67 polizia atzeman dituzte manifestariek, Ukrainako Barne ministroak jakinarazi duenez.
Gaua lasai antzean igaro da Kieven, bart iluntzean gobernuak eta oposizioko taldeek su-etena hitzartu eta gero.