Gutxienez 50 erromes xiita hil eta ehun zauritu ditu suizida batek Iraken

Al-Arbain jai erlijiosoa ospatu bitartean suizida batek gerrikoko bonba zartarazi du Basorako santutegi batean

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Atzoko atentatuak berriz ere agerian utzi du AEBetako tropak ez direla atera Irak egonkortu ondoren. Suizida batek gutxienez 50 erromes xiita hil ditu, eta ehun baino gehiago zauritu, gerrikoan zeraman bonba leherrarazita. Atzo, Al-Arbain jai erlijiosoa ospatzen ari ziren, Al-Zubeirko santutegi batean, Basoran, eta horietako asko Karbalako santutegi xiitara bidean ziren, Mahomaren biloba Hussein imanaren heriotzagatik gordetako 40 eguneko doluaren amaiera ospatzera.

Azken asteotan asko gaiztotu da egoera Iraken, eta bata bestearen atzetik egindako atentatuak ugaritu egin dira. Xiiten eta suniten arteko talka gero eta nabarmenagoa da, eta 2006tik 2007ra izandako barne indarkeriaren mamua berpiztu da. Herritarren %65 inguru xiitak dira, eta %37 inguru, berriz, sunitak. Gutxiengo sunitaren parte zen Sadam Hussein, eta orain boteretik kanpo geratu dira sunitak. Hain zuzen, botere osoaz jabetzea leporatzen diote orain Al-Maliki gobernuburu xiitari. AEBetako azken soldaduek Irak utzi zuten egun berean, abenduaren 18an, Legebiltzarrari boikot egitea erabaki zuen Al-Iraqijak —ganberako bigarren alderdiak—, Al-Malikik haien ustez duen botere erabatekoa salatzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.