Beste behin, ezbeharra gertatu da Europara bidean. Beste behin, 50 etorkin galdu dira itsasoan. Italiako Itsas Armadak atzo aurkitu zuen ontzia, noraezean eta hondoratzeko zorian. Barruan 52 lagun zihoazen, baina Libiatik abiatu zirenean gehiago ziren, 100 inguru. Militarrak galdutakoen bila jarraitzen dute ingruetan, baina desagertutakoak aurkitzeko itxaropen handirik gabe. Izan ere, urtea hasi zenetik ehunka lagun irensi dituzte Mediterraneoko urek, Europara bidean.
Nekatuta, baina onik aurkitu dituzte, aldiz, beste itsasontzi batean zihoazen 119 etorkinak. Tartean baziren adingabeak ere.
Amnesty International erakundeak salatu egin du Europak etorkinei eurre egiteko hartutako jarrera. Erakundearen arabera, itsasoko zaintza indartzeak ez ditu inmigranteak geldiaraziko. Horren froga aurtengo lehen lau hilabeteetan 1.700 pertsona itota hil direla Mediterraneoan, iaz garai berean baino ehun gehiago.
Polizia gehiago
Milaka etorkin daude paperak jaso zain Kos, Lesbos eta Samos uharteetan. Izan ere, horiek dira Europan sartzeko ateak Egeo itsasoa gurutzatzen duten askorentzat. Azken egunetan, ordea, borrokak izan dira paperak lortu zain dauden etorkinen artean. Hori dela eta, Greziako Gobernuak segurtasun neurriak indartzea erabaki du, uharte horietara 250 polizia gehiago bidaliz.
Joan den uztailean soilik, Siria, Afganistan, Irak eta Eritreatik ihes egindako 50.000 pertsona heldu ziren Greziara —ekainean baino 20.000 gehiago—. Datu ofizialen arabera, urteko lehen zazpi hilabeteetan 124.000 immigrante heldu dira Greziara, iaz garai berean baino %750 gehiago.