IRAKEKO OKUPAZIOA

Gutxienez 56 pertsona hil dituzteAEBetako airekoek Al Kaim aldean

Erredakzioa
2005eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Okupazio indarrek gutxienez 56 irakiar hil zituzten atzo Irakeko hegoaldean, Al Kaimdik gertu, hainbat herrixkaren kontra egindako bonbardaketetan. AEBetako Armadako agintarien esanetan, jomugak Al Kaedako ustezko kideak izan ziren. Mediku iturriak eta lekukoak aipatu zituen Al Jazeera telebista katearen arabera, AEBetako gerra airekoek Al Sangak, Salman eta Al Karabila herrixken kontra bota zituen bonbak, Al Kaim inguruan. Hainbat iturriren arabera, etxe bakar batean 40 pertsona hil zituzten okupazio indarrek, haietako asko familia berekoak.

Siriako mugatik hurbil dago Al Kaim, eta erresistentzia sunitak herritarren sostengu gehien duen guneetako bat da. Azken bi urteotan halako bonbardaketak jasan ditu eskualdeak. AEBek eta beren aliatu den Bagdadeko gobernuak argudiatu izan dute han ekintzaile islamista atzerritarrak aterpetzen direla, baina ez dute horren frogarik eman. Al Kaedak Iraken duen buru Abu Musab al Zarkaui han «ezkutatu» ohi dela ere diote AEBek eta Bagdadek. Alabaina, AEBetako Defentsa Departamenduak berriki kaleratutako azterketa bati jarraiki, Irak osoko erresistentziaren %90 irakiarra eta musulman sunita da. Halere, atzo AEBek esan zuten Abu Islam izeneko «terrorista ezaguna» hil zutela Al Kaim inguruko erasoetako batean. Bitartean, erresistentziak lau polizia irakiar eta zibil bat hil zituen hainbat erasotan. Kirkuken (Kurdistan) Irakeko petroliobideak zaintzeaz arduratzen den teniente koronel bat eta Bagdadeko Gazalia barrutian beste polizia buru bat hil zituzten ekintzaileek. Konstituzio berrirako proposamenari dagokionez, haren kontra ageri diren sunitak beste komunitateetan aliantzak bilatzen hasiak dira. Hala, Muktada al Sadr buruzagi erlijioso xiitarekin hitz egiten hasiko dira egunotan, urriaren 15ean konstituzio zirriborroaz egitekoa den erreferendumerako aurkako botoa eskatzeko konferentzia egin eta kanpaina bateratzeko. «Muktada al Sadrekin elkarlanean aritu nahi dugu, eta aurki harekin negoziazioak abiatuko ditugu», jakinarazi zuen negoziatzaile sunita batek, Sale al Mutlakek.

Sunitez haratagoko aliantza

AEBetako eta Erresuma Batuko armadek Irak okupatzen duten bitartean zeinahi konstituzio onartzearen aurkakoa da Al Sadr, eta batez ere Bagdadeko eta hegoaldeko hirietako xiita txiroen artean du sostengu gehien. Bere miliziak, Mehdiren Armadak, AEBen kontrako bi matxinada egin zituen iaz. Egungo legebiltzarrean 20 bat diputatu ditu bere alde.

«Dagoeneko [konstituzioarekiko oposizioa] ez da soilik suniten kontua; Irak zatikatzea nahi ez dutenen kontua da, tartean xiitak izaki», esan zuen Al Mutlakek. Erreferendumean aski izango da gutxienez hiru probintziatan populazioaren bi herenek konstituzio proposamenari ezezkoa ematea hau indarrean jartzea eragozteko. Sunitek gehiengoa dute Irakek dituen 18 probintzietatik lautan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.