Sarraskia izan zela salatu dute lekukoek; «operazio arrakastatsutzat» jo dute, aldiz, Irakeko agintariek. Era batera edo bestera, inork ez du gertatutakoa tarte batean ahaztuko. Gutxienez 58 lagun hil ziren Bagdadeko eliza katoliko baten aurkako erasoan, gehienak emakume eta adingabeak.
Iturri ofizialen arabera, herenegun gauean hasi zen tiroketa; burtsaren aurkako eraso batekin. Ondoren, ekintzaileak Sajida An Naja elizara sartu ziren babes bila, eta han bilduta zeuden ehun bat lagun hartu zituzten gatibu. Haiek askatzearen truke Egipton preso dauden bi emakume, Camelia Shehata eta Uafa Constantin, libre uzteko eskatu zuten ekintzaileek. Agintariek, ordea, ez zieten men egin, eta, sartu ezean bahitu guztiak hilko zituztela argudiatuz, eraso egiteko agindu zuten. Lekukoen arabera, erasoa hasi orduko ekintzaileetako bik gainean zeramatzaten bonbak zartarazi zituzten. Leherketan eta ondorengo tiroketan hil ziren biktimetatik gehienak. Horietaz gain, 75 lagun ere zauritu ziren, batzuk larri. Lekukoen arabera, Poliziak AEBetako armadaren laguntza izan zuen.
Al Kaedarekin lotuta dagoen Irakeko Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua, eta ohartarazi du erasoak egiten jarraituko duela. Elizako arduradunen iritziz, 2003an gerra hasi zutenetik Irakeko katolikoen aurka egindako erasorik odoltsuena izan da asteburukoa.
Kritikak segurtasun indarrei
Polizia iturriek aitortu dute «benetan zaila» izan zela bahituak askatzeko operazioa, eta biktima gehienak horren ondorioz hil zirela. Irakeko Gobernuaren ustez, ordea, «ez zegoen beste biderik» eta «beharrezkoa» izan zen indarra erabiltzea. «Aireko armadaren laguntzarekin, lurreko erasoaldiari ekitea erabaki genuen, ezinezkoa zelako zain geratzea. Beraz, operazioa arrakastatsua izan zen. Terrorista guztiak hil ziren, eta hainbat ustezko ekintzaile atxilotu genituen», argudiatu du Irakeko Defentsa ministro Abdul Kadr al Obeidik.
Ez dira, ordea, iritzi berekoak herrialdeko ordezkari katolikoak. Haien iritziz, martxoko hauteskundeez geroztik agintariak gobernu sendo bat osatzeko gai ez izateak erraztu egiten die lana ekintzaileei, botere hutsune bat sortzen duelako. «Operazio honek kolokan jartzen du Gobernuaren sinesgarritasuna eta segurtasuna ezarri eta bermatzeko haren ahalmena. Argi geratu da segurtasun indarrek ez dutela profesionaltasunik, eta horren ondorioz dozenaka errugabe hil dira», gaitzetsi du Junadam Kana diputatuak.
Gutxienez 58 lagun hil dira Bagdaden eliza katoliko baten aurkako erasoan
Polizia bahituak askatzera sartu denean hil dira gehienak; «arrakastatzat» jo dute agintariek operazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu