Gutxienez 61 meatzari --75 zenbait iturriren arabera-- hil diraErrusian, Siberiako Kemerovo eskualdean, meategi batean gertatu den gas leherketaren ondorioz.Ulianovskaia izeneko ikatz meategian atzo gertatu zen ezbeharra. Istripua gertatu zen unean meategi barruan gutxienez 168 lagun zeuden, eta gutxienez 75 bizirik atera zituzten, batzuk larri zaurituta. Beste batzuk, berriz, atzo oraindik irten ezinik zeuden lerro hauek idazteko orduan. Erreskate taldeak lanean ari ziren. Antza, metano eztanda bat izan da ezbeharraren zioa.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak aginduta Larrialdi Egoeretako ministro Sergei Shoigu Ulianovskaiako meategian da, erreskate lanak gertutik jarraitzen.Erreskate lanekin batera ahaleginak egin nahi dituzte meategian suteak saihesteko, orain, eztandaren ostean, arriskua handia baita.
Ulianovskaia ikatz meategia berria dela nabarmendu dute Errusiako iturri ofizialek. Urtean bi milioi tona ikatz baino gehiago ekoizten ditu. 2002tik ari da martxan, eta diren ekipamendurik modernoenak dituela nabarmendu dute Errusiako agintariek, eta sindikatuetako ordezkariek ere berretsi egin dute hori. Alemanian eta Frantzian egindako gailuak daude meategian airearen konposizioa kontrolatzeko, eta arriskurik bada, abisua emateko.
Nolanahi ere, Errusiako ikatz meategiak aski ezagunak dira segurtasun faltagatik. 2005ean ere istripu larria gertatu zen Kemerovoko meategi batean, eta orduko hartan 21 langile hil ziren. Orduan ere metano leherketa baten ondorioz gertatu zen ezbeharra. Errusian meategi askotan ez da behar adinako inbertsiorik egin 1991. urtean Sobietar Batasuna desegin zenetik. Atzokoa da, hala ere, azken urteotan gertatu den istripurik larriena.
Kemerovo eskualdeko Fiskaltzak ikerketa bat abiatu du. Meategia kudeatzen duen enpresak,kalte-ordainak agindu ditu.
Gutxienez 61 meatzari hil dira Errusian, gas leherketa batean
Metano eztanda gertatu da Siberiako Ulianovskaia ikatz meategian; meatzari batzuk irten ezinik daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu