Irakeko Bagdad hiriburuan eta Bakubatik gertu dagoenherrian (Dijala probintziako hiriburua)izandako bi atentatu suizidetan, gutxienez 76 lagun hil eta beste 100 zauritu ziren atzo. Bagdaden izandako atentatuan 50 lagunetik gora hil ziren, eta beste atentatuan, berriz, gutxienez 20.
Polizia patruila baten aurkakoa izan zen Bagdaden gertatutako atentatua, Irakeko Defentsa Ministerioak azaldu zuenez. Hildakoen artean, gutxienez hamar polizia daude. «Irakeko poliziek lekualdatutako familiei giza laguntza banatzen ari ziren bitartean, kamikaze batek gainean zituen lehergaiak leherrarazi zituen», adierazi zuen Ministerioak. Familia horiek euren etxeetatik alde egin behar izan zuten orain sei urte, Ameriketako Estatu Batuak (AEB) buru zituen inbasioa hasi zenean, hain justu.
Zaurituak, gutxienez, 50 izan ziren, horietako asko zauri larriak zituzten eta egoera larrian zeuden. Zaurituak inguruko ospitaleetara eraman zituzten atentatua gertatu den tokira hurbildu ziren anbulantziek.
Atentatuaren egilea nor izan zen ez dago argi. Poliziaren iritziz, baina, Al Kaeda dago: «Terrorista suizida bat da. Zalantzarik gabe Al Kaedaren marka darama», adierazi zuen Bagdadeko segurtasuneko bozeramaile Kassim Moussauik.
Beste atentatua Mukdadija hiritik gertu izan da, Bakuba hiriburutik 25 kilometrora. Irakeko Barne Ministerioaren arabera, suizida jatetxe batean zeuden Irango erromes talde baten ingurura joan eta han leherrarazi zituen gainean zeramatzan lehergaiak. Poliziak adierazi zuenez, Irango hainbat erromes Irakeko hiri santu xiitak bisitatzera joan ziren.
Atentatu horretan gutxienez 63 lagun zauritu ziren. Hala eta guztiz ere, zauritu horietako askoren larritasuna kontuan hartuta, hildakoen kopuruak gora egin dezake.
AEBetako Defentsa Departamentuak herenegun azaldu zuenez, tropa estatubatuarrek Iraketik joaten direnean matxinatuen erasoek gora egingo dute.
Heldu den urteko abuzturako, 35.000 eta 50.000 inguru tropa aterako dira herrialdetik Barack Obama AEBetako presidenteak adierazi zuenez. Segurtasun hitzarmen bateratuaren arabera, AEBetako tropa guztiek 2011. urterako atera behar dute Iraketik.
Al Kaedako buru bat, atxilotua
Al Irakia Irakeko telebistak jakinarazi duenez, bestalde, Irakeko Al Kaedako burua atxilotu dute. «Abu Omar al Bagdadi kriminala, Bagdaden egindako operazio zehatz eta zabal batean atxilotu dugu», adierazi du Kasem Atta Irakeko armadako operazio zentroko bozeramaileak.
Dena den, Maj Gen Mohammed al Askari Defentsa Ministerioko bozeramaileak BBC komunikabideari bere ziurgabetasuna adierazi dio atxiloketaz galdetzerakoan. Pentagonoak, bestalde, AEBetako armada atxiloketa ikertzen ari dela azaldu du.
Al Bagdadik amir -printzipea- titulua dauka Irakeko Estatu Islamiar erakundean. Talde horrek, hainbat eraso egin ditu Irakeko Mosul hirian. Orain hiru urte arte, Irakeko Al Kaedako buru Abu Musab al Zarkaui zen. Urte horretako ekainean, baina, AEBetako armadaren bonbardaketa batean hil zen. Al Bagdadik haren lekukoa hartu zuen.
Gutxienez 76 lagun hil dira Iraken izandako bi atentatu suizidetan
Atentatu bat Bagdaden izan da, polizia patruila baten aurka, eta bestea, erromes talde baten kontra Bakuba hiritik gertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu