Gutxienez 80 lagun hil dira luizien ondorioz, Indonesiako Java uhartean

Salbamendu taldeak toki kaltetuenetara ezin iritsi daude; hildakoen kopuruak gora egingo duela uste da

2007ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
«Luiziak sorpresaz harrapatu gintuen. Azken 25 urteetan ez genuen halako natur hondamendirik jasan beharrik izan Java Erdialdean». Azken egunetako euriteek eraginda, dozena inguru luizi izan dira Indonesiako Java uhartean. Salbamendu taldeek lurpean geratutako hilotzen bila jarraitzen badute ere, hilda aurkitu edo desagertutzat jo dituztenen artean 80 lagun inguru zenbatu dituzte dagoeneko. Hala ere, bizia galdu dutenen kopuruak gora egingo duela uste da.

Susilo Bambang Yudhoyono Indonesiako presidenteak estatuko agentzia guztiei lanean jartzeko agindu die, baita berehalako neurriak hartzeko ere. Hori dela eta, salbamendu taldeekin batera, Indonesiako dozenaka soldadu eta polizia luiziak izandako guneetara hurbildu dira. Hala ere, eremu kaltetuenetara iristeko zailtasunak dituzte, errepide asko itxita baitaude uholdeen eta luizien ondorioz.

Beren etxeak lurrez estalita geratu direlako, edo lur-jauziek erabat suntsitu dituztelako, milaka herritarrek toki seguruagoetara ihes egin behar izan dute. Gehienak mezkitetan, eskoletan edo egoitza publikoetan hartu dute babesa. Eremu kaltetuenak Java Erdialdeko probintziakoak izan dira, batez ere Karanganyar barrutikoak. Han 24 hilotz aurkitu dituzte salbamendu taldeek, eta dozenaka lagun desagertuta daude oraindik ere.

Lokatzez zikindutako etxeak garbitu berri zituztela eta, ohikotasunera itzuli izana ari ziren ospatzen Karanganyarren, besteak beste, lurrak azpian harrapatutako hainbat familia. «Batera afaltzen ari ziren beste luizi bat gainera etorri zitzaienean. Ondorioz, 61 lagunetik gora geratu dira lurperatuta», azaldu du Eko Prayitno salbamendu taldeetako buruzagiak.

Karanganyarretik hegoalderago, Wongirin, luizien ondorioz desagertutzat jo dituzten 14 herritarren bila jarraitzen dute. Itsasoaren mailatik 2.000 metrora dagoen eremu menditsuan dago Wongiri. Handik igarotzen da Bengawan ibaia. Azken egunetako euriteen ondorioz, ohi baino ur gehiago zeraman atzokoan ibaiak.Luiziak izan dituzte ere Tawangmangu eta Ngledoksari herrixketan.



BASO-SOILTZEA ETA LUIZIAK. Luiziak eta uholdeak maiz jasaten dituzte Indonesian. Askok herrialdeko baso-soiltzeari egozten diote errua. Heru Java Erdialdeko natur hondamendiei aurre egiteko agentziako buruak adierazi duenez, ordea, kasu honetan beste hainbat faktorek eragingo zituzten luiziak, «basoa toki hauetan oso itxia baita».

Errekaren uraldia handitzea eta luiziak ohikoak dira urria eta azaroa artean. Dozenaka hildako eragin dituzten azken luizien ondotik, Indonesiako presidenteak oihanak babesteko eta zuhaitzak landatzeko beharra gogorazi du, ordea: «Java Erdialdean izandako luizien antzeko natur hondamendiak saihesteko baso-soiltzea serioski hartzeko agintzen diet funtzionarioei eta eskualdetako agintari guztiei».

Indonesiako Ingurumenerako Ministerioak 2003an egindako ikerketa batek ohartarazi zuenez, zuhaitzak legez kanpo mozteari uzten ez bazioten, orduan zenbatu zituzten 120 milioi hektarea baso 15 urteren buruan desagertu egingo lirateke. Txosten ofizialak munduko baso tropikal handienetarikoa suntsitzea leporatzen zien Indonesiako agintari, enpresa pribatuei eta partikularrei.



Tsunamiak

eramandako asmoak
Tsunamiaren hirugarren urteurrenean, kalteak jasan zituzten herrialde askotako berreraikuntza lanakburutu gabe daude oraindik.
i.z.

Ritcher eskalan bederatzi graduko itsasikarak sortutako tsunamiaren ondorioz, 230.000 lagun inguru hil ziren duela hiru urte. 2004ko tsunamiak Indiako Ozeanoarekin muga egiten duten herrialdeetako kostaldeak suntsitu zituen. Indonesia, Sri Lanka, India eta Thailandia izan dira, besteak beste, kaltetuenak. Alabaina, itsasikarak Afrikako ekialdeko kostaldean ere eragin zituen kalteak, Somalian eta Kenyan kasu. Hiru urteren buruan, tsunamiaren ondorioak nabariak dira Asiako hego-ekialdeko herrialde gehienetan, agintariek hitzemandako neurriak martxan jarri ez dituztelako askotan.

TI Transparency International taldeak egindako txostenaren arabera, Sri Lankako Gobernuak nazioarteak emandako diru-laguntzen %55,7 baino ez du inbertitu herrialdearen berreraikuntzan. Gainerako milaka milioirekin zer egin duten jakiterik ez dagoela salatzen du TIk. Nazioarteak 760.000 milioi euro inguru helarazi zizkion Sri Lankari. «Jaso zuen diruaren eta gastatu duenaren arteko diferentziak eztabaida ugari sortu ditu. Diru laguntzen erdia galdu izanari ezin zaio azalpen arrazoizkorik eman», salatzen du nazioarteko taldeak egindako txostenean. «Dirua beste helburu batzuekin erabili du Gobernuak». Hori dela eta, TIk Sri Lankan gertatutakoa argitzeko asmoz, ikerketa abiarazteko eskatu du.

Indonesiak ere erdizka bete diru 2004an hasitako lanak. Aitzitik, nazioarteak agindutako diru kopuruaren zati bat baino ez dutela jaso salatzen dute agintariek.

Indian, berriz, duela hiru urte jasandako natur hondamendia saihesteko asmoz, hego-ekialdeko kostaldean harresiak eraiki ditu. Zientzialariek eta ekologistek, ordea, neurri horiek sortzen duten ondorio ekologikoa handia dela salatu dute.





ZenBaKIa

8.865

Etxerik gabeko familiak. Tsunamiaz geroztik Sri Lankako 8.865 familia etxerik gabe daudela salatu du Amnesty Internationalek. Familia horien artean gehienak arrantzatik bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.