Irak

Gutxienez 82 pertsona hil dira erietxe batean izandako sutean

Bagdaden izan da ezbeharra, koronabirusarekin kutsatutako gaixoentzako zaintza berezietako unitate batean.

Ibn al-Khatib erietxea suntsituta geratu da. MURTAJA LATEEF, EFE
2021eko apirilaren 26a
10:56
Entzun

Ibn al-Khatib erietxean izan zen ezbeharra, Bagdad hiriburuan. Oxigeno ontzi baten leherketak sutea eragin zuen koronabirusak jotako gaixoak zeuden zaintza berezietako unitatean, eta 82 pertsona hil eta ehundik gora zauritu ziren. Sua azkar zabaldu zen eraikinean, Irakeko Giza Eskubideen Batzordeak zabaldu duenez, erietxeak suaren aurkako neurririk ez zuelako eta sabai faltsuek ahalbidetu zutelako sua material sukoia zegoen ingurura iristea.

Ezbeharrak protestak piztu zituen atzo herrialde osoan, eta Mustafa al-Kadhemi lehen ministroak behin-behinean kargugabetu zuen Hassan al-Tamimi Osasun ministroa. Ez zen hura kargugabetze bakarra izan: Ibn al-Khatib erietxeko zuzendaria eta mantentze lanen arduraduna ere kargutik kendu zituen Al-Kadhemik. Gobernuburuak berak onartu zuen gertatutakoa ez zela akats baten ondorio izan, «arduragabekeriarena» baizik.

Kargugabetzeek, ordea, ez zituzten protestak baretu. Igandean ehunka lagun elkartu ziren Irakeko hiri nagusietan egindako manifestazioetan, demokrazia gehiago, ustelkeria gutxiago eta zerbitzu publiko hobeak eskatzeko, baita Osasun ministroaren behin betiko kargugabetzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.