Gutxienez 90 pertsona hil dira Sri Lankan izandako borroketan

Armadaren esanetan, 52 soldadu eta 38 gerrillari hil dira; tamil tigreek ukatu egin dute informazio hori

Erredakzioa
2008ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Gerrillarien eta armadaren arteko borroketan gutxienez 90 pertsona hil ziren atzo Sri Lanka iparraldean, Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez. Gobernuaren informazioa ez da egiazkoa, LTEE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreen arabera .

Gobernuak azaldu duenez, hildakoetatik gutxienez 52 dira gerrillariak, eta 38 soldaduak. Gerrillariei 500 metro koadro irabazi dizkietela ere jakinarazi du: «Tamil tigreek eraso gogorra jasan dute eta hasieran zeuden tokitik 500 metro egin behar izan dituzte atzera; orain lerro defentsiboak indartzen saiatzen ari gara».

Borrokak Sri Lanka iparraldean izan ziren atzo goizean, Muhamalai frontean, Jaffna penintsulan. LTEETamil Eelam-eko Askatasun Tigreak eraso zioten armada, Udaya Nanayakkara militarren bozeramalearen arabera. Nanayakkarak hamabost soldadu hil zirela aipatu zuen goizean, baina Defentsa Ministerioak 38 zirela argitu zuen arratsaldean. 84 militar zauritu zirela, eta horietako batzuk Kolonboko ospitaletara eraman zituztela ere azaldu du.

Tamil tigreek, bestalde, Gobernuaren informazioa gezurtatu eta beste bertsio bat eman dute Tamilnet webgunean. «LTEEren lerro defentsiboa hausten saiatzen ari zirela atzera egin behar izan zuten militarrek», tamil tigreen esanetan. Armadak tankeak eta artilleriak zituela sartu zen Muhamalaira, eta erasoa goizeko 3:30ean hasi eta bederatzi ordu geroago amaitu zuela adierazi dute.



EHUNDIK GORA SOLDADU HILDA. Hildako gerrillariak zenbat diren edo badauden ez dute jakinarazi tamil tigreek, ordea. Armadaren iturri bat aipatzen dute, 150 soldadu hil zirela ziurtatzeko. Horrez gain, iturri horrek 400 soldadutik gora zauritu zirela diola esan dute.

Pasa den urtarrilaren 16an, Gobernuak su-etenerako akordioak indargabetu zituen. 2002tik zeuden indarrean. Ondorioz, Sri Lanka gerra egoerara itzuli da. Dena den, su-eten egoeran ere armadaren eta gerrillarien arteko borrokak ez ziren amaitu.

Sri Lanka uhartearen iparraldeko eta ekialdeko eskualde batzuk tamil tigreenak dira egun. Estatu txiki bat kudeatzen dute bertan, eta bertan tamil etnia da nagusia. Herrialdearen gainontzeko zatian sinhalar edo zingalesak dira nagusi. Tamil tigreak duela hogei bat urte hasi ziren iparraldeko eta ekialdeko eskualdeetan estatu independente bat lortzeko borrokan. 1983an gerra zibila hasi zenetik, gutxienez 70.000 pertsona hil dira Sri Lankan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.