Leherketa handi bat izan da Texasko West herriko ongarri planta batean, Ameriketako Estatu Batuetan, eta gutxienez bederatzi pertsona hil eta ehundik gora zauritu dira, George Smith larrialdi zerbitzuetako zuzendariak emandako informazioaren arabera. Hala ere, suhiltzaileek diote "60 eta 70 artean" izan daitezkeela hildakoak; Poliziak, berriz, "bost eta hamar artean". AEBetan atzoko 19:50 inguru zirela gertatu zen leherketa —01:50, Euskal Herrian—.
Tommy Muska Westeko alkateak azaldu du leherketatik 80 kilometrora zeuden etxebizitzetan nabaritu dutela eztanda eta 2,1 graduko lurrikara eragin duela. "Bonba nuklear bat bezalakoa izan da", esan du.
Ongarri plantatik gertu dauden "50 eta 75 etxe artean" apurtu ditu leherketak, Wilsonek jakinarazi duenez. 2.800 biztanle inguru ditu Westek, eta horien erdiak herritik aterarazi dituzte.
Oraindik ez dakite leherketa zerk eragin duen. Patrick Swanton poliziaren arabera, ikertzen ari dira gertatutakoa; nahita eragindakoa izan ote den, edo erreakzio kimiko baten ondorioz gertatu den.