Mundua

Gutxienez bost lagun hil dira Beiruten, Libanoko armadako jeneral baten kontrako atentatuan

François Al Hajj jenerala bera da hildakoetako bat. Dozenaka lagun zauritu ditu leherketak. Libanoko armadako buruzagi militar nagusietakoa zen Al Hajj, armadaburu izateko hautagaietako bat.

2007ko abenduaren 12a
12:06
Entzun
Lehergailu handi bat zartatu da 07:20 aldera (06:20 Euskal Herrian) Beiruteko Baabda auzoan, François Al Hajj Libanoko armadako jeneral eta operazio militarren zuzendariaren auto inguruan. Oraindik ez dago argi lehergailua autoan bertan jarrita zegoen, edo ibilgailuaren pasaeran zartarazi duten.

Nolanahi ere, erasoaren ondorioz Al Hajj jenerala eta beste lau lagun hil dira, eta dozenaka dira zaurituak. Lekukoen arabera, eztanda oso handia izan da, eta hainbat ke adar sortu ditu. Al Hajjen gorpua leherketa lekutik 150 metrora aurkitu dute.

Atentatua egin duten gunea, berriz, hiriko eremu garrantzitsua da. Besteak beste, presidentearen jauregia eta Kubako enbaxada han inguruan daude.

Al Hajj jenerala, berriz, Libanoko indar armatuen buruzagi nagusietakoa zen. 2006ko udan Israelgo armadak eta Hezbolak gatazka gogorra izan zuten garaian hark gidatu zituen Libanoko armadaren urratsak. Hain justu, indar armatuen buruzagi nagusi izateko hautagaietako bat zen baldin eta egungoa, Michel Sleiman, Libanoko presidente aukeratzen bazuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.