Bi leherketa izan dira gaur Jolo hirian, Filipinen hegoaldean, eta, hango agintariek jakitera eman dutenez, gutxienez hamabi lagun hil eta dozenaka zauritu dira eraso horietan.
Lehen eztanda eguerdi inguruan izan da, Jolo erdialdeko plaza batean. Txosten militar batean zabaldu dutenez, lehen ikerketen arabera, lehergailuekin zihoan motor batek egin du eztanda. Armadako kamioi batetik gertu izan da deflagrazioa.
Hurrengo leherketa, berriz, ordubete geroago gauzatu da, gertuko kale batean, Polizia lehen erasoaren eremua hesitzen ari zen bitartean. Suluko Poliziak eta armadak aditzera eman dutenez, suizida batek eginikoa izan daiteke. Hildakoen artean, zazpi militar, lau zibil eta erasoa egin duen ustezko «suizida» daude.
«Oraingoz, biktimen behin betiko kopurua zehazteke dago. Susmagarriak identifikatzen saiatzen ari gara», adierazi du Archie Gamboa Polizia Nazionaleko buruak, ohar batean.
Sulu probintzia Abu Sayyaf Filipinetako gerrilla talde islamistaren gotorlekua da, eta, hain zuzen, horiek dira atentatua egitearen susmagarri nagusiak.