Afganistan

Gutxienez hamabost dira Kandaharko atentatuan hildakoak

Afganistan hegoaldeko Kandahar hirian, gutxienez hamabost lagun hil dira bonba baten eztandak harrapatuta. Bizikleta bati itsatsita zegoen lehergailua, kuartel militar batetik ehun metrora, eskola baten atarian. Hain zuzen ere, hildakoetako gehienak eskola horretako haurrak dira. Beste 50 bat lagun zaurituta daude, eta haietako zenbait oso larri daudenez, gora egin dezake hildakoen kopuruak. Azkenaldian eraso asko izan dira Afganistan hegoaldean, eta Talibanen aldeko erresistentziari leporatzen dizkiete atentatu horiek.

2004ko urtarrilaren 6a
16:48
Entzun
Kandaharko Poliziaren arabera, bonba tranpa bat izan da. Izan ere, minutu batzuk lehenago beste lehergailu txikiago batek egin du eztanda, eta gertakari horrek erakarrita, jende asko hurbildu da bonba handia jarrita zegoen ingurura. Jendetza bildu denean —ondoko eskola bateko haurrak ziren inguratuko direnetako asko— zartatu da lehergailu handia. Ondorioz, hamabost lagun hil dira eta 50 bat zaurituta daude. Gainera, zaurituetako batzuk oso larri daude, eta litekeena da hildakoen kopurua handitzea.

Eztanda gertatu eta segituan, Afganistango zein AEBetako armadetako soldaduek inguru guztia hesitu dute.

Konstituzioa onartu eta bi egunera

Azkenaldian, eraso asko ari da gertatzen Afganistan hegoaldean, Kandahar inguruan. Atzo, esate baterako, Nazio Batuen Kandaharko errefuxiatu agentziaren egoitzaren zaintzaileei egin zieten eraso, tiroka eta granadak jaurtiz. Afganistango egungo Gobernuaren eta AEBen arabera, Talibanen aldeko erresistentziak egiten ditu atentatu horiek.

Izan ere,Kandahar 2001ean AEBetako indarrek egotzi zituzten arte Afganistanen agindu zuen Talibanen mugimenduaren sorlekua izan zen, eta, era berean, haien aldeko erresistentziaren gune nagusietakoa da egun.

AEBen ekimenez Talibanen erregimena desegin eta Mendebaldearen babesaz egun Afganistanen agintzen duen Gobernuak duela bi egun jarri zuen indarrean Konstituzio berria. Dena den, gerra egoera bizi da oraindik Afganistango leku askotan, Kandaharren eta inguruetan, kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.