Gutxienez hamabost ekintzaile hil dituzte Siriako soldaduek tiroz, Dera hirian, ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez. Al Jazira kateak ere baieztatu du soldaduek tiro egin dutela gobernuaren kontrako protestariei. Hainbat lagun daude zauriturik. Reuters agentziaren arabera, hildako gehiago egon daitezke. Deraatik hamabi kilometrora, Tafasen, istiluak egon dira eta 40 bat pertsona zauritu dituzte.
Bart ere istiluak izan dira. Gutxienez, lau soldadu eta ustezko bi ekintzaile hil dira Siria hegoaldean, Deraako postu militar baten aurka egindako erasoan, Sana berri agentziak esan duenez.
Gaur ere Bashar al Assad presidentearen kontrako manifestazioak egin dituzte herrialdean zehar. "Gorrotoaren Egunerako" deia egin dute Anai Musulmanek, eta istilu andana izan dira. Poliziak manifestarien kontra tiro egin du Damasco, Horan eta Latakian.
Gaur zortziko liskarretan 112 lagun hil ziren, oposizioak jakinarazi zuenez.