Siriako armadak gutxienez hamabost lagun hil zituen atzo tiroz. Horietatik 11 Ksir hirian hil zituen, herrialdearen erdialdeko Homs probintzian. Deir al Zur hirian (Siria ekialdean) hiru lagun hil zituzten, eta Latakia hirian (ipar-ekialdean) beste bat.
«Armadak Ksir hiriko sarrera guztiak inguratu zituen tropak bertatik sartzeko, eta hiri barruan edonoren kontra hasi ziren tiroak jaurtitzen», azaldu du Hozam Ibrahim ekintzaileak. Haren iritziz, herriz herri doa armada, «manifestazioak amaitzeko kanpaina egiten».
Hilketez gain, atxiloketa masiboak izan direla ere salatu du Giza Eskubideen Siriako Behatokiak. «Jende ugari atxilotu dute Homsen, eta ehunetik gora Idleb probintzian». Azaldu dutenez, 35 adingabe daude atxilotuen artean. Iragan martxoan protestak hasi zirenetik, 1.744 zibil eta 406 agente hil dira Sirian.
Al Assadek, entzungor
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Bashar Al Assaden kontrako gaitzespen adierazpena onartu zuen iragan abuztuaren 3an. Zazpi egun eman zizkion herritarren kontrako erasoak bertan behera uzteko, zigorrak ezartzearen mehatxupean.
Hala ere, Al Assadek entzungor egin dio NBEri, eta herritarren kontrako erasoekin jarraitzen du. Bitartean, AEBek erregimenaren kontrako presioa areagotu dute aste honetan, Siriako banku nagusiari eta telefonia konpainiari merkataritza eta ekonomia zigorrak ezarriz.
Gutxienez hamabost zibil hil ditu Siriako armadak tiroz hiru hiritan
Atxiloketa masiboak egin dituzte Homs eta Idleb probintzietan, giza eskubideen aldeko elkarteen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu