IRAKEKO OKUPAZIOA

Gutxienez hamaika irakiar eta estatubatuar hil dira erasoetan

Inbasio armadaren ibilgailu bati granadaz ekin diote Bagdaden erdialdean, eta istilugune den Faluja hirian zazpi irakiar hil dira, meskita bat suntsituta, lekukoek aireko estatubatuar bati leporaturiko ekintza batean

Erredakzioa
2003ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Gutxienez Estatu Batuetako Armadako hiru kide eta zazpi zibil irakiar hil ziren atzo, Iraken izaniko hainbat erasotan. Soldadu estatubatuarrak Bagdadeko erdialdeko eta hegoaldeko bi auzotan izaniko erasoetan hil zituzten, ustez granada jaurtigailuen bidez haien ibilgailuak zartarazita. Irakiarrak Faluja hiriko meskita batean gertaturiko leherketan hil ziren. Estatu Batuetako Armadaren hegazkin batetik jaurtitako bonba batek eragin zuen eztanda, lekukoen arabera.

Azken erasoa Bagdadeko erdialdeko Mustansiria auzunean gertatu zen. Hainbat lekukok bonba auto baten leherketaz hitz egin bazuten ere, badirudi militar estatubatuarrak zeramatzan ibilgailuari kontrako bidean zebilen beste batetik eraso ziotela, granada jaurtigailu batekin. Ibilgailuak su hartu zuen, erasotzaileek ihes egiten zuten bitartean. Ondoren heldutako tropa estatubatuarrek erredura handiak zituzten lau pertsona atera zituzten ibilgailuaren hondakinetatik. Washingtongo agintariek atzo baieztatu ez bazuten ere, hiru militar eta itzultzaile irakiar bat hil zirela diote lekukoek.

Goizago, beste eraso bat izan zen Bagdadeko hegoaldeko Jusufia auzoan. Hainbat lekukoren arabera, Estatu Batuetako Armadako bi ibilgailu jo zituzten granadaz, eta bi soldadu hil.Beste iturri batzuen arabera, ordea, gertaera istripua izan zen, eta soldaduak alde egin ondoren, herritar talde batek su eman zien ibilgailuei.

Hiriburuko aireporturako errepidean Mustansirian eginiko ekintzaren antzekoa egin zuten, konboi militar baten aurka Abu Garib inguruan. Eraso horretan militar bat zauritu zuten.

Meskita sutan, mendeku eskaerak

Hiriburutik 50 bat kilometro mendebaldera, Faluja hirian, Al Hassan meskita suntsitu zuen herenegun gauean izaniko leherketa handi batek. Zartadak meskitako zazpi lagun hil zituen. Hainbat iturriren arabera, zortzi laun hil ziren, eta beste zazpi pertsona zaurituta atera zituzten eraikinaren hondakinetatik. Falujako lekukoek aditzera eman zutenez, AEBetako hegazkin batek eragin zuen leherketa, bonba bat edo misil bat jaurtita. Washingtonek, ordea, eztanda meskita barruan gertatu izana ez zela baztertzekoa esan zuen, eta gertaeran hildako bakarra izan zela. Lekukoen arabera, hegazkinen hotsa aditu zuten eztanda gertatu aurretik. Hildakoen artean, meskitako burua zegoen, Laith xekea.

Herritar ugari bildu zen atzo Falujako meskitaren inguruan, kalteak aztertzeko eta leherketa AEBen erasoa izan zela frogatzeko aztarnak bilatzeko. Hildako sei ikasleen gorpuak atzo lurperatu zituzten Falujako hilerrian, Estatu Batuen kontrako oihuen artean. «Meskita helburutzat hartzea probokazioa da musulman ororentzat», esan zuen tenpluko arduradun batek. «Honen ondoren hasiko da benetan erresistentzia», adierazi zuen herritar batek. Bildutakoek mendekua eskatu zuten.

Izan ere, Al Hassan meskitaren leherketatik ordu gutxira granada jaurtigailu baten bidez eraso zioten inbaditzaileek hirian duten baseari. Liskar larriak gertatu dira Falujan apirilaren bukaeratik, soldadu estatubatuarrek gutxienez 16 herritar hil zituztenetik, manifestazioa egiten ari zirenean.

P

AEB-EN ERASOAREN ONDOKO EGOERA



 

Rumsfeld: «Ez da Vietnam»





«Vietnamen gaude? Ez, ez da Vietnam. Beste garai bat da. Beste aro bat. Beste leku bat da», esan zuen Donald Rumsfeld Estatu Batuetako Defentsa idazkariak astelehenean. Atzoko erasoak izan baino lehen eginiko adierazpenetan, inbasioaren ondoren Iraken dagoen egoera eta Vietnamgo gerra alderatzea salatu zuen Rumsfeldek: «Horrenbeste marrazki dabil prentsan, non kazetariek 'Vietnamen gaude jada?' galdetzen duten. Hala den esperantzaz», esan zuen Pentagonoan eginiko prentsaurrekoan.

Inbasio indarrek maiatzaren 1ean gerra bukatutzat eman zutenetik Estatu Batuetako 65 militar hil dira Iraken, Pentagonoak emaniko datuen arabera. Horien artean, erresistentziaren ekintzetan hildako 28 soldadu daude.

Rumsfelden arabera, Iraken gertatzen ari diren «arazoak bost jende motak» eragindakoak dira: «Saddam Husseinen gobernuaren soberakinak; gerra aurretik espetxetik askatu zituzten milaka kriminal; arpilatzaile arruntak; Iraken sartu diren atzerritarrak eta Iranen itzalpean den jendea».

Taldeok «ezberdin samarrak dira, zertan ari diren eta zertarako ari diren begiratuta». Hori dela eta, gerrilla gerraz edo antolaturiko erresistentziaz hitz egiterik ez dagoela esan zuen Rumsfeldek. Irak atakan ez baizik eta «prozesuan» dagoela nabarmendu zuen Pentagonoaren buruak.

Irailaren 1etik Polonia buru izango duten 15 estatutako indar militarra zabaltzekoa da Irakeko erdialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.