Israelgo iturriek jakinarazi dute "Hamasekin lotutako hamabost gune" bonbardatu dituztela bart gauean. Maan albiste agentziaren arabera, ordea, bonbardaketetan zauritutako hamar pertsonak zibilak dira, tartean adingabe bat.
Israelgo hiru gazteen gorpuak agertu zirenetik, segurtasun indarrek gogortu egin dituzte operazioak. Zisjordanian, esaterako, gutxienez hamahiru lagun atxilotu dituzte, eta bi instituzio itxi, "Hamasekin lotura" dutelakoan.
Azken hogei egunetan seiehundik gora palestinar atxilotu dituzte, hiru gazteen heriotzarekin zerikusia izatea argudiatuta.
Israelen erasoaldiari suziriak jaurtiz erantzun diote Gaza aldetik. Haietako bat Sderoteko etxe batean erori da, baina ez du zauriturik eragin.
Bestetik, hilik agertutako 16 urteko palestinarraren gurasoek Israelgo Poliziaren jarrera gaitzetsi dute. "Semea bahitu eta berehala jakinarazi genion Poliziari, baina ez zuten ezer egin, eta gaur oraindik berdin jarraitzen dute", salatu du Hussein Abu Khdeir-ek, gaztearen aitak.