Gazteriaren Egunaren harira eginiko protesten ondotik istiluak izan dira Caracasen gobernuaren eta oposizioaren jarraitzaileen artean. Venezuelako fiskal nagusi Luisa Ortega Diazek jakinarazi duenez, hiru izan dira hildakoak: Juan Montoya udaltzain eta Urtarrilak 23 taldeko —gobernuaren aldekoa— kidea eta Basil Da Costa ikaslea hil dira Caracasen, eta ondoren eman dute Chacaon hirugarren hildako baten berri.
[Youtube]http://youtu.be/J0aUCS2b2rY[/Youtube]
Lehen bertsioen arabera, oposizioko manifestariak Ministerio Publikoaren egoitzara zihoazen, eta Urtarrilak 23ko kideekin gurutzatzean, tiroketa bat hasi da. Chacaon, berriz, Caracaseko istiluetan hildakoak eta zaurituak izan direla jakitean hasi dira liskarrak.
Asanblea Nazionaleko presidente Diosdado Cabellok "faxistei" egotzi die Montoyaren hilketa; esan duenez, fiskaltzaren atarian zeuden haren zain: "Ehizatu nahi zuten. Hilketa doilorra izan da". Provea gobernuz kanpoko erakundeak, berriz, nabarmendu du "talde ofizialistek" eraso egin dietela oposizioko manifestariei.
Erantzukizunak kontrakoari
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak iragarri du "justizia" izango dela "isuritako odolarengatik", eta gaineratu gobernuak ez dituela zigorrik gabe utziko hilketak. Hori horrela, indarkeria sustatzen duten pertsonak atxilotu eta espetxeratuko dituztela ohartarazi du.
Herri Borondatea alderdiko buruzagi Leopoldo Lopezek, berriz, Madurori egotzi dio istiluak gertatu izanaren ardura. Fiskaltzan kalteak eragin dituztenak —horren ondoren hasi dira liskarrak— gobernuaren aldeko "infiltratuak" izan direla salatu du.
Hain zuzen, Lopez atxilotzeko agindu du gobernuak, "homizidioa" eta "terrorismoa" egotzita.