Italiako konfinamendua gutxienez maiatz hasierara arte luzatuko dela iragarri du gaur Angelo Borreli Italiako Babes Zibileko arduradun eta koronabirusaren krisiko bozeramaileak gaur irrati bidez egindako elkarrizketa batean. Berez, Italiako Gobernuak apirilaren 13ra arte luzatu du konfinamendua aste honetan, baina Borrellik iragarri duenez gutxienez maiatz hasierara arte luzatuko da. Borrellik erran du italiarrek oraindik ere «aste anitzez» egon beharko dutela etxean.
Borrelik Radio Capital irratian egindako elkarrizketan adierazi duenez, azken egunetako «datu onek» arnasa hartzeko aukera utzi diote Italiako osasun sistemari. Izan ere, azken egunetan kasu atzeman berrien kopurua eta ZIU unitatetan ospitaleratuta daudenen kopurua bere horretan mantendu da. Orain artean 150.000 koronabirus kasu baieztatu dituzte Italian, eta ia 14.000 hildako.
Konfinamendu zurruna bukatuta, koronabirusarekin «batera» bizitzeko fase batean sartuko da Italia, eta jarduera ekonomikoa pixkanaka hasiko da berriz ere martxan. Borrelik ez du argi adierazi noiz sartuko den Italia bigarren fase horretan, baina erran du litekeena dela maiatzaren 16tik aitzinera izatea. Hala ere, argi utzi du datuek erabakiko dutela hori.
Europan konfinamendua ezari zuen lehen herrialdea izan zen Italia. Lombardiako eskualdea itxi zuten lehenik, eta, horren ondotik, gobernuak martxoaren 10ean ezarri zuen konfinamendua Italia osoan.