Islamabaden (Pakistan) Danimarkako enbaxadaren aurrean atentatua egin dute gaur, bonba-autoa eztandarazita, eta gutxienez sei lagun hil dituzte. Beste 24 lagun zaurituta daude; haietatik hamabost oso larri daude, erietxeetako iturriek esan dutenez.
Eztandak kalte handiak eragin ditu eraikinean -horma bat bota egin du-, eta ondoan zeuden auto batzuk hondatuta utzi ditu. Lehergailuak 40-50 kilo zeuzkan.
Danimarkako Gobernuak jakinarazi du hildakoen artetik bat enbaxadako langilea dela, eta beste hiru zauritu ere bai. Hamasei lagunek egiten dute lan enbaxadan, eta garbitzailea da hildakoa. Lan diplomazialari danimarkarrak onik daudela adierazi du Per Stig Moller Danimarkako Gobernuko Kanpo Harremanetarako ministroak. Beste hiru hildako poliziak dira.
Hiriburuaren erdialdean egin dute erasoa, eta Al Kaeda jo dute egiletzat.
2005eko irailean Jyllands-Posten Danimarkako egunkarian Mahoma profetaren karikaturak argitaratu zituenetik, Danimarkak indartu egin zituen, besteak beste, Pakistango enbaxadako segurtasun neurriak.
Pakistan
Gutxienez sei lagun hil dituzte Islamabaden, Danimarkako enbaxadaren aurrean izandako atentatuan
Bonba-autoa eztandarazi dute, eta beste 24 lagun zaurituta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu