Gutxiengoen alde egingo du apustu Brasilek

Brasilgo unibertsitatean beltzei, indigenei eta behartsuei lekuen %50 gordetzeko eskatu du Gobernuak

Erredakzioa
2008ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Brasilen polemika sortu du unibertsitate publikoetako lekuen erdiak indigena, beltz eta errenta txikia duten familietako ikasleentzako gordetzeko Kongresuak onartutako erabakiak. Hasieran Gobernuak indigena eta beltzei unibertsitate publikoetako plazen %50 gordetzea proposatu zuen, baina Paulo Renato Souza Hezkuntza ministro ohiak errenta txikia zuten familietako ikasleak ere gehitu zizkion. Souzaren erabakia azaroaren 20an onartu zuen Kongresuak, eta orain Senatuak berrestea falta da.

Proposamenaren aldekoek diote neurriak mendeetan baztertuak egon diren beltz eta indigenei ordaina emateko direla neurriak. Brasilgo esklaboak 1888an utzi zituzten aske eta Estatuak ez zien hezkuntzarik eman. Horren ondorioz, egun Brasilgo analfabetoen %90a beltzak eta indigenak dira.

Proposamenaren aurkakoek, aldiz, eskola publikoek nahikoa kalitate izango balute, ikasle guztiek unibertsitatean sartzeko aukera izango luketela diote. Horrela, unibertsitatean ikasle hoberenak sartuko lirateke, arraza eta klase soziala kontutan hartu gabe. Bestalde, beltzen eta mestizoen arteko muga non dagoen jakiteko irizpideak zehaztea ezinezkoa dela adierazi dute aurkariek.

Indigenen lurraldea

Bestalde Brasilgo Auzitegi Gorena atzo erabakitzekoa zen Venezuela eta Guyana artean dagoen erretserba indigenaren legezkotasuna. Auzitegiak lurraldeak indigenenak direla onartuz gero, arroza ekoizten duten hainbat enpresarik utzi egin beharko dituzte lur horiek. Indioek lurrak beraienak direla diote, antzinako eskubideak argudiatuz, eta enpresariei lur horietatik indarrez botatzea leporatzen diete. Lur horiek arroza ekoizteko erabiltzea, Estatuaren garapenerako beharrezkoak dela diote enpresarioek.

Gorena abuztuan hasi zen kasua aztertzen, baina, bertan behera utzi behar izan zuen magistratu batek egoera aztertzeko denbora gehiago eskatu zuelako. Gobernua indigenen aldeko agertu da eta iaz, enpresariak bertatik ateratzen saiatu zen, baina, Gorena lur horien inguruko legezkotasuna aztertzen hasi zenean,bertan behera utzi behar izan zituzten ahaleginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.