Gutxienik 24 lagun hil eta beste hainbeste zauritu dira bart gauean Hardan, Indian, izaniko tren ezbeharrean. Burdinbidetik irten egin dira bi trenak, toki berean. Orotara, bederatzi bagoi irten dira errailetatik. Tren konpaniaren eledunen esanetan, azken egunetan izaniko euriteek eragin dute istripua —Indiako agintarien arabera, 215 lagun hil dira azken egunotan euriteen eta luizien eraginez—.
Indiako trenbide sarea laugarrena da munduko handienetan; 65.000 kilometro luze da. Azken hamarkadan 1.500 istriputik gora gertatu dira. Istripu horietan 2.300 lagun inguru hil dira.
Errusian, berriz, bi autobusek elkar jo dute; hamahiru lagun hil dira, eta 21 zauritu, haietako sei oso larri.