Hagak Kenyako sei goi agintari auzipetu ditu, gerra krimenak leporatuta

Presidentetzarako bozen ondoren izan ziren protesten harira egin du akusazioa Fiskaltzak; 1.100 lagun hil ziren

Erredakzioa
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Kenyan 2007ko abenduko presidentetzarako bozen ondoren izan ziren indarkeria ekintzen harira sei goi agintari auzipetu ditu Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak. 2007aren amaieran hasi eta hurrengo urtera arte iraun zuen indarkeria oldean 1.100 lagunetik gora hil ziren; beste 3.500 lagun zauritu ziren eta 600.000k baino gehiagok bizilekutik ihes egin behar izan zuten.

Luis Moreno Ocampo Hagako fiskal nagusiak zehaztu ditu akusazioak: «Izendatuko ditudan sei pertsona hauez gain, 2007-2008ko indarkeriaren erantzule gehiago ere bada, baina esku-hartze handiena izan dutenei mugatu gara». Gatazka haren ustezko erantzule nagusi gisa aurkeztutakoen artean, hiru izen nabarmendu daitezke: Uhuru Kenyatta Finantza ministroa eta lehen ministrordea, William Ruto Hezkuntza ministroa —beste afera batengatik jardunetik behin-behinean baztertu dute— eta Henry Kosgey Industria ministroa. Hagara euren burua aurkezteko eskaera egin die denei fiskalak, atxilotzeko agindua ezarri gabe.

Goi kargudun horiek eta beste hiru lagunen kontrako akusazioak askotarikoak dira; gerra krimenak, hilketak, jendea indarrez lekualdatzea, jazartzeak, bortxaketak, torturak eta bestelako egitate basatiak.

Kibaki-Odinga gatazka

Kenyaren independentziarako borrokako buruzagiJomo Kenyattaren seme Uhuru Kenyatta PNU Nazioaren Batasuneko Alderdiko burukide da; William Ruto etaHenry Kosgey, berriz, ODM Laranja Mugimendu Demokratikoa indar politikokoak dira. Hain zuzen, PNUko buru Mwai Kibaki 2007ko abenduko presidentetzarako bozen irabazle aldarrikatu ostean hasi ziren borrokak, garaipen hura iruzurra zela salatu zutelarik ODMko hautagai Raila Odingak eta haren jarraitzaileek.

Geroztik, UA Afrikako Batasunaren bitartekaritzari esker, bake akordio bat egin eta gauzatu egin da, eta Mwai Kibaki presidentearen lehen ministro izendatu zuten Raila Odinga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.