Indonesia

Hainbat hildako Balin turistentzako guneen kontrako atentatuetan

Mendebaldeko turisten bilgune diren Indonesiako Bali uharteko bi eremutan hainbat leherketa izan dira, eta, gutxienez, 22 lagun hil dira —lau bederen Mendebaldeko turistak—. Jimbarango hondartzan, turistentzako jatetxez beteta dagoen gune batean, bi leherketa izan dira, eta beste bi Kutan. 2002ko urria Jema Islamija taldeak bere gain hartutako eraso andanan 202 lagun hil ziren Kutan, gehienak turista australiarrak.

2005eko urriaren 1a
18:57
Entzun
18:50etan(12:50 Euskal Herrian) gertatu da lehendabiziko leherketa, jendez gainezka zegoen Jimbarango kafetegi batean. Segituan beste bat Jimbaranen bertan, Four Seasons kateko hotel batean.

Jimbarandik 30 bat kilometrora dagoen Kutan, berriz, 19:05 inguruan izan dira bi leherketak: bat merkataritza gune batean, eta bestea kafetegi batean.

Iturri ofizialen arabera, hildakoak 22 dira, baina beste iturri batzuek kopuru handiagoak aipatzen dituzte. Hildakoen artean Mendebaldeko lau turista daudela agertu dute iturri ofizialek, eta litekena dela haietako bat australiarra izatea. Zaurituak, berriz, 50etik gora dira.

2002ko urrian 202 lagun hil ziren Kutan atentatu andana baten ondorioz, gehienak turista australiarrak. Jema Islamija taldeak hartu zituen bere gain eraso horiek; Al Kaedaren Indonesiako ataltzat daukate nazioarteko segurtasun arduradunek talde hori.

Klima eta ingurune ederragatik Mendebaldeko turista askoren opor leku izaten da Bali, batik bat, australiarrena. Indonesiako zati da uharte hori, eta indonesiarren gehiengo handia (%86tik gora) musulmanak badira ere, balitarren gehiengoa (%91) hinduak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.