Jeanne ekaitz tropikalak eragindako uholde eta lur-lasterren ondorioz, gutxienez 250 pertsona hil eta ehun baino gehiago galdu dira, NBEko bozeramaile batek adierazi zuenez. Eman duten hildakoen kopurua Gonaivesko ospitalean bildutako gorpuena da, eta nabarmen igo daitekeela uste da, desagertuak ehun baino gehiago baitira, eta larrialdi zerbitzuek zailtasunak dauzkatelako uholdeek hondatutako eremuetara iristeko.
Ekaitzak gehienbat Haitiko ipar-mendebaldea jo, eta Gonaives hirian eragin zuen Jeannek kalte gehien. Hiri hartan 54 gorpu bildu zituzten, eta 150 desagerturen bila zeuden atzo larrialdi zerbitzuak. Gonaives 100.000 biztanleko hiria da, eta horietatik 80.000 ekaitzaren ondorioz larri kaltetu direla kalkulatzen dute agintariek. Zaurituak 300 baino gehiago dira. Gerard Latortue behin-behineko lehen ministroak hondamendi-gune deklaratu zuen ingurunea, eta nazioarteko komunitateari dei egin zion laguntza eman dezan. «Ez dakigu zenbat hildako dauden», esan zuen Latortuek, eta gaineratu zuen aurtengoa «urte latza» izan dela. Izan ere, duela lau hilabete Haiti eta Dominikar Errepublikako kostaldean izandako uholdeek 3.000tik gora hildako eragin zituzten. Lekukoek adierazi dute «ustekabean» harrapatu zituela larunbateko ekaitzak. Errepideak ibai bihurtu ziren, eta luiziak izan ziren hainbat lekutan. Ehunka familiak etxeko teilatuan igaro dute gaua. Jean-Baptiste Agilus irakasleak uholdeak «etxeak irensten» ikusi zituela adierazi du, baita bizilagun bat ere, urak eramandako emazte eta semeen bila.Iragan ostegunean, Jeanne urakan bihurtu zen Puerto Ricotik igarotzean, eta hiru hildako utzi zituen. Haitirekin Hispaniola uhartea partekatzen duen Dominikar Errepublikan indarra galdu arren, 37.000 dominikarrek beren etxeak utzi behar izan zituzten, eta bederatzi pertsonak bizia galdu zuten. Larunbatean haize erauntsiz eraso zion Haitiri. Dominikar Errepublikan ez bezala, Haitin baso-soiltze handia izan dute, eta horrek uholdeen kalteak handiagoak izatea eragin du.Bestalde, Erdialdeko Amerikan asteburuan botatako euriek 13 hildako eragin zituzten, horietako 11 Panaman. Herrialde horretan13.000 pertsona kaltetu ziren uholdeetan.
HAITI. 'Jeanne' ekaitzaren ondorioz, 250 pertsona hil eta hainbat galdu dira
Baso-soiltzea dela eta, uholdeek triskantza nabarmenak egin dituzte uharteko lurretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu