Haitiko bozen lehen emaitzek protestak areagotzea eragin dute

Martelly kantaria hirugarren lekuan gelditu da; Manigat eta Celestin lehiatuko dira bigarren itzulian

Erredakzioa
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Presidentetzarako bozen lehen txandako emaitzen iragarpenak protestak areagotzea eragin du Haitin. Michel Martelly kantari ezaguna baztertuta geratu da bigarren itzulitik, eta horrek haserrea piztu du bere jarraitzaileen artean. Hauteskunde Batzordeak atzo zabaldutako datuen arabera, joan den azaroaren 28ko bozetan hirugarren gelditu zen Martelly. Mirlanda Manigatek eta Jude Celestinek, jarduneko presidentearen hautagaia, eskuratu dute lehen eta bigarren postua.

Celestinek, baina, 6.845 botoren aldearekin soilik aurrea hartu dio hirugarren postuan geratu den Michel Martellyri. Horrek, beraz, ezin izango da lehiatu datorren urtarrilaren 16an egitekoa den bigarren itzulian. Mirlanda Manigatek botoen %31,3 bildu ditu; Jude Celestinek, %22,4; eta Michel Martellyk,%21,8.

Lehen txandan garaile irten den 70 urteko Mirlanda Manigat Haitiko presidente ohi baten emaztea da. Eraikuntza enpresa bateko ugazaba den Celestin, berriz, jarduneko presidente Rene Prevalen Inite (Batasuna) alderdiak aurkeztutako hautagaia da. Martelly, azkenik, ez da alderdi batean zerrendatu, baina ospe handia duen kantaria da.

Istiluak hainbat lekutan

Martelly bigarren txandatik baztertua gera litekeela jakin orduko, haren jarraitzaileak kalera atera dira protesta egitera. Port-au-Prince hiriburuko kaleetara milaka lagun atera ziren, eta presidentetzako egoitzara hurbiltzea galarazi zieten. Inite alderdiaren egoitzari, berriz, su eman zioten. Hiriburuaren erdialdean izandako liskar horiez gain, protestan ari zirenek kaleak trabatu zituzten Petionville auzo baztertuan. Cap Haitien eta Les Cayes hirietan ere manifestazioak izan ziren.

Hauteskunde Batzordeak plazaratutako emaitzak direla eta, «kezka» azaldu dute Ameriketako Estatu Batuek, aurretik zabaldutako behin-behineko zenbaketekin bat ez datozelakoan. Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere kezka agertu du balizko iruzurraren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.