MUNDUA

Hamabi pertsona hil dira Afganistanen, eraso suizida batean

Afganistango hiru herritar eta bederatzi atzerritar dira hildakoak. Ustez, Mahoma iraintzen duen bideoaren mendeku gisa egin dute atentatua.

2012ko irailaren 18a
09:48
Entzun

Goizaldeko 02:15 aldera gertatu da erasoa Kabulen, Afganistango hiriburuan —06:45ean, Afganistanen—. Furgoneta batean zihoala, soinean zeraman bonba bat lehertarazi du erasotzaileak. Zibilak dira hildako guztiak, eta AFC garraio enpresan ari ziren lanean, Mohamed Zahir Kabulgo Poliziaren buruak jakinarazi duenez. Errusiakoak eta Hego Afrikakoak dira biktima gehienak.

Hezb-e-Islami Gulbudin taldeak bere gain hartu du erasoa. Zubair Sediqui taldeko bozeramailearen arabera, 20 urteko neska bat izan da eraso suizidaren egilea.Talibanek mendekua eskatu zuten Mahoma iraintzen zuen bideo batek oihartzuna izan eta gero. Afganistango Gobernuak Youtube ataria eten zuen joan den astean, bideoa herrialdean ez zedin hedatu. Pakistanek ere Youtube webgunea eten du gauerdiaz geroztik. Raja Pervez Ashraf lehen ministroak adierazi du  Interneteko atari horrek ez ziola jaramonik egin Mahoma iraintzen zuten bideoaren hainbat kopia ezabatzeko eskariari, eta horregatik hartu dutela webgunea eteteko erabakia.

'Musulmanen inozentzia' filma AEB Amerikako Estatu Batuetako kristau kopto baten lana da, eta bertan, iseka egiten dio Mahomari. Horrek istiluak piztu ditu hainbat herrialdetan azken egunotan. Besteak beste, AEBetako enbaxadorea hil zuten Libian, eta Tunisian eta Sudanen hiruna lagun zendu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.