Mexiko. Presidentetzarako hauteskundeak

Hamabi urteren ostean, agintera bueltatu nahi du PRIk Mexikon

Inkesta guztiek diotenez, Enrique Peña Nieto presidentegaiak irabaziko du, eta bigarren postua ezkerreko hautagaiarentzat izango daLau hautagaiek zin egin dute onartu egingo dituztela gaurko bozetako emaitzak

Jon Fernandez.
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Egun erabakigarria da gaur Mexikon. Datozen sei urteetan herrialdearen lema zeinen esku egongo den erabakitzeko eskubidea daukate 84,5 milioi herritarrek hauteskundeetan; 128 senatari eta 500 diputatu federal aukeratuko dituzte, baina presidentearena da hautaketarik garrantzitsuena mexikarrentzat. Hiru aukera dituzte: PAN eskuineko alderdiak jarraitzea —azken hamabi urteetan agintean egon da—; PRI itzultzea, 1929tik 2000ra 70 urtez boterean egon zena; ala ezkerraren hautagai Andres Manuel Lopez Obrador ateratzea. Inkesta guztien arabera, Enrique Peña Nieto PRIren hautagaiak irabaziko du, eta, hamabi urteren ostean, boterera eramango du berriro Alderdi Iraultzaile Instituzionala.

Bigarren postuan, Lopez Obrador ezkertiarra geratuko litzateke, eta bien arteko tartea 10 puntutik 18,6 puntura artekoa izango litzateke, inkestaren arabera. Reforma egunkariak argitaratutako azken galdeketaren arabera, esaterako, botoen %41 lortuko lituzke Peña Nietok eta %31 Lopez Obradorrek; Josefina Vazquez Mota kontserbadoreak, berriz, botoen %24 lortuko lituzke, eta Gabriel Quadri Aliantza Berriko presidentegaiak, %4. Baina, analista gehienek PANen hondoratzea eta PRIren itzulera iragarri arren, kanpainako azken mitinetan —joan den eguaztenean— amorerik ez emateko eta bozkatzeko eskatu diete hautagai guztiek euren jarraitzaileei. Azken emaitza oraindik «erabakitzeko» dagoela nabarmendu du Vazquez Motak, eta, neurketa guztietan aurretik joan arren, «gehiegizko konfiantzarik ez izateko» eskatu du Peña Nietok: gaur botoa ematera joateko, alegia.

Egun batetik bestera agintetik hirugarren posturaino jaustearen kolpea arintzeko asmoz, bere burua «aldaketaren aukera bakartzat» aurkezten ahalegindu da Vazquez Mota behin eta berriz. Haren esanetan, Peña Nietok «autoritarismoa, botere gehiegikeria eta krimenaren aurrean amore ematea» irudikatzen du, eta Lopez Obradorrek, berriz, «kaosa eta krisi ekonomikoa».

Herritarrak konbentzitzeko beldurra erabiltzea, hala ere, ez da PANen estrategia soilik: hautagai guztiek erabili dute, bakoitzak bere komenientzian. Nolanahi ere, beldurraren botoak irabazteko zailtasunak izango ditu Vazquez Motak, gainetik kendu ezinezko karga handi bat duelako bere kontra: PANen bi agintaldien higadura. Vicente Foxen eta Felipe Calderonen agintaldien ostean, segurtasunak txarrera egin du Mexikon, eta hazi egin da pobrezia.

Ekonomia ardatz

Calderonek 2006an hasitako «narkotrafikoaren kontrako gerra» delakoaren ondorioak larriak izan arren —60.000 hildako, 5.000 desagertu eta identifikatu gabeko 8.000 gorpu—, krimen antolatuaren kontrako estrategia ez da eztabaida politikoaren erdigune bihurtu hiru hilabete iraun duen kanpainan: ekonomiak hartu du haren lekua.

Duela hamabi urte boterera ailegatu zenean, Foxek agindu zuen agenda ekonomiko bat martxan jarriko zuela, hazkunde handia eta urtean milioi bat lanpostu sortuko zituena. PANen promesak, baina, ez dira bete, eta herritar askok horregatik nahi dute aldatzea. Langabezia tasa %4,8 ingurukoa da Mexikon, baina lana dutenen %11k ezin dute iraun irabazten duten diruarekin. Gainera, Carlos Slim munduko pertsonarik aberatsena bizi den herrialde horretan, herritarren %46,2 pobrezian bizi dira. Ezkerreko hautagaiak, hain zuzen, agindu du funtzionarioen soldata handienak jaitsiko dituela eta txirotasuna gutxituko duela; Peña Nietok, berriz, soldatak igotzea, lanpostuak sortzea eta gizarte zerbitzuak hobetzea. Bestalde, PANen azken urteetako politika ekonomikoa babestu arren, bera «ezberdina» dela nabarmendu du Vazquez Motak.

Diruari lotuta, ustelkeria salaketak ere izan dira kanpainan. Bai presidentegai kontserbadoreak, bai ezkerrekoak kanpainan legeak onartutakoa halako bi gastatzea egotzi diote PRIri.PANen arabera, 40 milioi euro gastatu ditu Peña Nietok, eta legeak 20 milioitan jarria du muga. Lopez Obradorrek, zuzenean, botoak erostea leporatu dio. PRIk, berriz, ukatu egin ditu akusazio guztiak. Dena dela, ezkerreko hautagaia ez da fio, eta, bere jarraitzaileei botoa ematera joateko eskatzearekin batera, hauteskunde prozesua garbia dela «zaintzera» joateko ere eskatu die.

Izan ere, 2006ko bozetan, emaitzak erabat parekatuta geratu ziren Calderonen eta Lopez Obradorren artean, eta datu ofizialek, azkenean, kontserbadoreari eman zioten garaipena, botoen %0,56gatik. Ezkerreko hautagaiak bere burua irabazletzat jo eta iruzurra salatu zuen orduan, eta, protesta gisa, presidentearen kargu hartze sinbolikoa irudikatu zuen hiriburuko Konstituzioaren Plazan, milaka jarraitzaileren aurrean. 2006koa errepikatzea da ezkerraren beldur nagusia. Dena dela, lau presidentegaiek Hauteskundeetako Gizalege Konpromisoa sinatu zuten herenegun, agintzeko bozetako emaitzak onartuko dituztela eta bozketaren egunean jarduera irregularrak baztertuko dituztela.

Bestalde, telebistek presidentegaiekin izan duten jarrerak ere zeresana piztu du Mexikon eta nazioartean.Televisa eta Television Azteca kateek herrialdeko audientziaren %90 hartzen dute, eta Peña Nietoren alde egin izana leporatu diote aurkariek. Hilaren hasieran, Erresuma Batuko The Guardian egunkariak PRIren hautagaiaren alde eta Lopez Obradorren izen onaren kontra egin izana egotzi zion Televisari, eta azaldu zuen dozenaka artxibo dituela tratu horiek dokumentatzen dituztenak. Televisak eta Mexiko Estatuko gobernadore ohiak ukatu egin dute hori.

Ikasleen protesta isila

Kanpainan eragin handia izan duen beste faktore bat 132 Naiz mugimendua izan da, Udaberri mexikarra izena ere hartu duena. Ofizialismoaren kontrako ikasleen protesta mugimenduak bere burua alderdikeriatik kanpo laga nahi izan badu ere, agerikoa da ezkerreko hautagaiari egin diola mesede mugimenduak, eta kalte, berriz, Peña Nietori.

Hain zuzen ere, PRIren jarrerak berak eragin zuen protesta: maiatzaren 11n, Mexikoko Unibertsitate Iberoamerikarrera joan zen Peña Nieto, eta, galderen txandan, ikasleek agerian laga zuten haren iragan iluna. Alderdiak eta hurbileko bi telebista handiek ikasleen kontra egin zuten gogor hurrengo egunetan, ezkerreko hautagaiaren zerbitzuan zebiltzala esanda. Erantzun gisa, protesta bideo bat grabatu eta sarean jarri zuten 132 ikaslek. Harrezkero, milaka herritar bildu dira hainbat manifestaziotan ofizialismoaren kontrako protestara. Hala ere, ikusteko dago zenbateraino eragingo duen mugimenduak bozetako emaitzetan.

Atzo gauean ere protesta egin zuten 132 Naiz mugimenduko kideek Mexiko Hiriko Konstituzio plazan, hauteskunde prozesuan gardentasuna eskatzeko. Martxa isila egin zuten, hauteskunde legea ez urratzeko. «Badakigu ezin dugula proselitismo politikorik egin. Salaketa ekintza soila da, joera politikorik bakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.